[ERREPORTAJEA] Brexita eta aiaraldearrak, etorkizuna kolokan

Aitor Aspuru Saez 2019ko urr. 24a, 09:00
Mobilizazio ugari egin dira Erresuma Batuan Brexitaren aurka. / Wikipedia

Brexitak duela hiru urte astindu zuen nazioarteko politika, Erresuma Batuko herritarrek erabaki zutenean haustea Europar Batasunarekin zituzten loturak. Makropolitika alde batera utzita, nola eragin die Brexitak irlan bizi diren aiaraldearrei? Lau lagunekin mintzatu gara horri buruz.

2016ko ekainaren 23an Erresuma Batuak erreferenduma egin zuen erabakitzeko Europar Batasunean jarraituko zuen edo ez, eta gehiengoak azken aukera horren alde egin zuen. Ezustean, makropolitikak eta makroekonomiak kolpea jaso zuten, baina bertan bizi diren hainbat herritarrentzat ere sorpresa ezatsegina izan zen emaitza.

Horien artean zegoen Izaskun Mardones. Urduñarra jatorriz, han bizi da aspaldi: “2007an beka batekin etorri nintzen nire ingeles maila hobetzeko eta, azkenean, familia sortu eta hemen geratu naiz bizitzen”. Chesterren -Liverpooletik gertu- egon ostean, Brightonetik hurbil dagoen herri batean dauka etxea orain.

Mardonesek ez zuen uste Brexitak babesa lortuko zuenik: “albistegiak ikusi nituen gauez eta ematen zuen ezezkoak irabaziko zuela, baina azken unean tarte txiki batekin gailendu zen baiezkoa. Hala ere, milioi bat botori esker besterik ez zen izan, eta Erresuma Batuan 70 milioi biztanle gara. Shock bat izan zen. Niretzat eta nire inguruan daudenentzat ere. Nik ingelesekin egiten dut lan, eta inork ez zuen espero. Ezta politikariek ere”.

Ibai Ortuzarrek antzeko iritzia partekatzen du. Bera Londonen bizi da duela 5 urte baino gehiago, baina familia kontuak direla medio, Laudion dago orain. Hiriburuan, oro har, herritarrek Brexitaren kontrako botoa eman zuten eta hori nabaritu du: “Gure inguruan dagoen jende asko lotsatuta eta suminduta dago, Brexitak Erresuma Batuaren abegikortasun eza adierazten duela uste baitute”.

Esperientzia bera dauka Alberto Olivas laudioarrak: “Tentsioa nabarmena da hemengo jendearen artean eta oso normala da Brexitari buruzko elkarrizketak entzutea pinta bat hartzean edo lanerako bidean. Londonen jende gehienak Brexitaren kontra bozkatu zuen eta jendearen haserrea sentitzen da”.



Ezegonkortasuna
Alberto Olivasek bere lan eremuan nabaritzen du ziurtasun faltak eragiten duen ardura: “Egunero izaten ditut Brexitari buruzko galderak, 'Zer gertatuko da?', 'Zer nolako zergak izango ditut inportatzeko?', 'Zer gertatuko da Erresuma Batuan ditudan langileekin?'.  Egia esanda, ez dago argi zer gertatuko den, eta kezkarik handiena enpresen artean ikusten dut”. Ezjakintasun horren itzala luzea da eta giro finantzarioan sumatzen dutela uste dute bertan dauden eskualdeko herritarrek.

Edonola ere, Brexitak aiaraldearren baldintza legaletan izan du isla jadanik. Hasteko, kanpoko jatorria duten biztanleei eskatu diete 5 urteko egonaldia probatu behar dutela: “Horrek zera esan nahi du, hiritar egonkortuaren estatusa -Settled Status- eskura dezakezula hala eskatuz gero. Estatus hori, Britainiar hiritartasuna lortzeko eman beharreko pausua da gaur egun Europar Batasuneko herritarrontzat. Guk estatusa eskuratu dugu, eta beraz, Erresuma Batuko hiritar baten eskubideak ditugu, hiritartasuna izan gabe”.

Izaskun Mardones aspaldi bizi zenez Erresuma Batuan, aukera zuen nazionalitatea eskuratzeko. Inoiz ez du interesik izan horretan, baina, badaezpada ere, tramiteak egin ditu: “Ez dakigu nola bukatuko diren gauzak eta ez dago ziur zerga gehiago ordaindu beharko ditugun britainarrak ez izateagatik”.

Alberto Olivasek “pre-settlement statusa” eskatu du. Bere ustez, egoera asko korapilatuz gero eta lan egiteko paper asko eskatzen badituzte, seguruenik, jende asko joango da beste herrialde batera.



Nekea
Hala ere, aiaraldear guztiek ez dute premia berarekin bizitzen Brexita. Gorka Fernandez Crespo laudioarra, adibidez, berehala nazkatu zen: “Gaiarekin bonbardatu gaituzte eta berehala erabaki nuen deskonektatzea”.

Alde batetik, duela 5 urte baino gehiago bizi da Erresuma Batuan eta lanean eman du bolada osoa. Ondorioz, bazekien zaila izango zela bera zein bere bikotea kanporatzea. Bestetik, azaldu du ez zaiola axola herrialdetik botatzen badituzte.

Alberto Oliva
Laudioarra Londonen

“Paperak lortzea zailtzen bada, jende asko joango da”

Espainiako Merkataritza Ganbaran lan egiteko joan zen Alberto Oliva Londonera. Aurretik Estatu Frantziarrean eta Holandan ere egon da bizitzen eta Erresuma Batuko alde kosmopolita oso gogoko du, nahiz eta kuadrilla egitea zaila den, bere ustez. Gauzak horrela, urte batzuen buruan Laudiora edo Bilbora itzuli nahiko luke.  

Momentuz, Londonen ondo dago, baina Brexitak sortzen duen tentsioa bistakoa dela nabarmentzen du. Europar Batasunetik joateko prozesua oso kaotikoa izaten ari dela iritzi du ere, eta hori nabarmentzen du bere lanean, enpresek ez baitute batere argi zer gertatuko den.

Izaskun Mardones
Urduñarra Brightonen

“Shocka izan zen guztiontzat bozketaren emaitza”

Duela 10 urte baino gehiago jo zuen Izaskunek Erresuma Batura, beka baliatuta. Aurretik Irlandan egondakoa zen eta ingeles maila hobetu nahi zuen. Hala ere, bisita behin betiko egonaldia bilakatu da, han sortu baitu familia. Idazkari lanak betetzen ditu enpresa batean eta berarentzat zein bere inguruan daudenentzat ezustea izan zen Brexitak babesa lortzea. Badaezpada, nazionalitate britainarra eskuratu du. Horrez gain, osasunaren esparruan nola eragingo dion galdetzen dio bere buruari. Halaber, elikagaien prezioan zer nolako aldaketa egongo den ere jakin nahi du: “hemen janari dena inportatzen da”.

Ibai Ortuzar
Laudioarra Londonen

“Askok bozkatu zuten Brexitaren alde gertatuko zena jakin gabe”

Ibai Ortuzar duela 6 urte bizi da Londonen eta argi dauka zer gertatu den Brexitarekin: “Alderdi kontserbadorearen barruko tira-biren ondorioz sortutako arazoak herrialde osoa zipriztindu du. Zoritxarrez, erreferenduma eztabaida publikorik gabe egin zen, eta jende askok alde bozkatu zuen zeri boza ematen zion benetan jakin gabe. Eta horren ondorioa da gaur duguna”.  
Bere ustez, Brexitak eragin duen ezinegona erraz sumatzen da gizarteko esparru guztietan, ez bakarrik kalean, baita giro ekonomiko eta finantziaroan ere. Izan ere, bere aburuz, ziurgabetasun ekonomikoa eta txanponaren gorabeherak etengabeak dira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide