Basaurbeko araztegia eraikitzeko obrak abiatzea baimendu du Espainiako Ministroen Kontseiluak, Trantzisio Ekologikorako Ministerioak hala proposatuta. 15.164.299 euro baliatuko dituzte lan horiek egiteko.
Hala ere, eskualdean dituen arazoei aurre egiteko beharrezkoa izango da Markixanako araztegia ere martxan jartzea. Izan ere, Basaurbeko araztegiak Laudio eta Orozkoko isurketak baino ez ditu tratatuko. Proiektuak bi kolektoreren eraikuntza barnebiltzen du. Laudion egongo da bata eta Altube errekan, aldiz, bigarrena. Urak Basaurbera bideratzea izango da bi azpiegitura horien zeregina.
Ultrafiltraziorako mintz batzuen bidezko tratamendu biologiko bat baliatuko dute ura arazteko, ministerioak jakinarazi duenez.
Espainiako Gobernuaren ezegonkortasunak eragin zuzena izan du eskualdeko araztegien proiektuetan. Iaz jakinarazi zuten azpiegitura horiek eraikitzeko kontratazio prozedura abiatuko zutela. Baina urtarrilean obren prozedura moteldu zela jakinarazi zuten. Apirilean, aldiz, Nerbioiko kolektoreetan 40 milioi inbertitzea onartu zuen Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak, hauteskundeen atarian.