Ekimen ugari egin dira eskualdeko Konstituzioaren Egunaren aurka. Hiru planteamendu egon dira guztira, hiru eragilek antolatuta.
Herri eskolak Laudio Ikastolan
Aiaraldeko.ikasle.garraxia asanbladako kideek Herri eskolak antolatu dituzte Laudio Ikastolan. “Esnatze jolasa” egin dute lehenbizi, “Zer da Konstituzioaren Eguna?” galderari erantzuteko. Azaroan eginiko borraldien balorazioa burutu dute jarraian, hilabete horren amaieran ikasle greba gauzatu baitzuten.
Pankartak egin eta itsatsi dituzte gero, hainbat aldarrirekin. “Aldarrikatu nahi izan dugu Espainiar Kontsituzioaren Eguna urte luzez inposatutako jai egun arrotza dela”, azaldu dute asanbladako kideek. Gauzak hala, “hausnartzeko, saretzeko eta borrokatzeko” eguna dela gaineratu dute, ikastetxeek “normaltasun osoz” ireki beharko luketela nabarmenduta.
Herri eskolak Laudioko Gaztetxean
Aiaraldeko Ikasle Abertzaleak antolakundeak ere Herri eskolak antolatu ditu, baina Laudioko Gaztetxean. Gaurkoa “langileria teorikoki eta politikoki hezitzeko eguna” dela argudituta, goiz osoko egitaraua gauzatu dute, ikasleen “borroka komunitatea” indartzeko. “Gazteen eta nerabeen bizitzak norabide batean gidatuta edukitzea ahalbidetzen du infantilizazioak. Horren helburua da sektore helduagoek gazteekiko duten posizio autoritarioa indartzea”, azaldu dute antolatzaileek.
Gaztetxea izan dute hizpide jarraian. “Kontuan hartuta Gaztetxearen auziarekin hilabete luze eta zailak ditugula aurrean, plangintzari irtenbide berriak eman nahi dizkiogu”. Kitarra tailerra izan da azken ekintza, bertaratutakoen arteko harremanak “estutzeko”.
Txondor Gaztetxean, auzolana
Arrankudiaga eta Zolloko Gazte Asanbladako kideek bestelako planteamendua izan dute goizerako. Auzolana burutu dute Txondor Gaztetxean. Eraikinaren inguruan dauden zuhaitzak inausi dituzte, besteak beste. Iaz antzeko ekimena egin zuten.
Argazkiak: Aiaraldeko.ikasle.garraxia, Aiaraldeko Ikasle Abertzaleak eta Olatz Valle