Agerraldian azaldu dutenez, 2017ko urtarrilean jarri zuen Aldundiak bere eskumeneko errepideetan 30 euroko gehienezko bidesaria ordaintzeko sistema, baina AP-68aren kasuan “EAJ eta PSE-EEren ezetzak" jaso dituzte, salatu dutenez.
Bi alkateek nabarmendu dute abenduaren 5etik errepidea Aldundiaren eskumenekoa dela eta, ondorioz, ez dagoela “diskriminazio egoera horri eusteko inolako arrazoirik”.
Gauzak hala, EH Bilduk jakinarazi du emendakina sartu duela Aldundian, ordainketa sistema hori 2020an abian jartzeko.
Bestalde, AP-68ko gastu muga ezartzeko proposamena eskualdeko udaletara eta Batzar Nagusietara eramango dutela ziurtatu dute. Urduñako alkateaz aparte, eskualdeko beste hiru ordezkari egon dira prentsaurrekoan: Jabi Asurmendi (Arakaldoko alkatea), Txutxi Ariznabarreta (Arrankudiaga-Zollokoa) eta Samuel Pasandin (Orozkoko zinegotzia).