[IRITZIA] Kontsumismo zurrunbiloa

Erabiltzailearen aurpegia Kokoriko Hezkuntza Faktoria 2019ko abe. 19a, 01:14
Ilustrazioa: María Castelló (La Marea)

Beste urte batez, hemen ditugu Gabonak. Olentzero eta Mari Domingi negua datorrela iragartzera etorriko dira, urtero bezala. Haur, gazte zein helduak poztatsunez zipriztinduko dira (edo hori adierazi beharko dute behintzat) eta komertzioak urteko aldirik oparoenerako prestatuko dira.

Urte osoan zehar gutxi ikusi dugun familiarekin elkartzen gara, poztasuna da nagusi eta, airean faltsukeri pixka bat sumatzen den arren, ama, amona eta izeko hor daude jo ta su sukaldean lanean, beraien bizitza alde batera utziz, aurreko egunetan ondo planifikatu behar izan duten bankete ederra prestatzen. Geroz eta janari gehiago, orduan eta zoriontsuago. Hori saldu egiten digute behintzat, eta gu horretan erori. Jakien prezioek gora egiten dute Gabon garaian baina, hala ere, urte guztian zehar askoz ere merkeago jan ditzakegun produktuak mahai gainera eraman behar ditugu prezio altuan. “Bestela ez dira Gabonak”, esango luke batek.

Zer esanik ez 24ko egunaz, gezur unibertsalean murgilduta, gurasoek, bikoteek, lagunek... burua hautsi egin behar dute opariak erosteko. Haurrek, oso eskura dituzten katalogoak hartu eta eskatzen hasten dira, karta amaigabeak osatuz. Azken finean, gizon txuri mozkortiak edo ondoan laguntzaile papera besterik ez duen emakumeak dena ekarriko die, nolatan ez! Onak izan dira! Ona izatea zer den guztiz jakin gabe ere.

Opari bat, bi opari, hiru, lau, hamar: plastikoa, plastikoa, plastikoa... Noski, oparia izateko tapatua joan behar du: papera, papera papera.... Gure baso gaixoak, gure mundu gaixoa pentsatuko du batek, eta besteak  esango dio urtean zehar arduratuko garela horretaz, orain Gabonak direla, erosi beharra dagoela.

Haurrak opariz josi egiten ditugu. Zenbat opari ote dira, lehen bost minututan kasu eginda, urte osoan armairuko txoko ilun batean geratzen direnak. Funtzio bakarra izaten duten jostailuak, sormenari ateak ixten dizkioten jostailuak, jolasa guztiz bideratzen duten jostailuak, haurren garapenarako ez-egokiak diren pantailak... Hauek dira dendetan topatzen ditugun opariak.

Gehienak, noski, plastikoz eginak. Dendetan, haurra mutila bada gune urdinera joan beharko gara (mugimendua, abenturak eta espazio asko erabiltzeko oparietara). Neska bada, aldiz, gune arrosara, zaintza lanen, esku lanen eta espazio gutxi erabiltzeko oparietara.  

Ez dezagun harreman faltsurik eraiki, buruarekin oparitu dezagun eta goza dezagun neguaren etorreraz, laster hasiko baita eguna gauari tartea irabazten, eta laster atera ahalko gara kontsumo basati eta faltsukeriazko egun hauetatik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide