Tubacexen “eskualdeko pikete zentrala” egiteko deia zabaldu du Gazte Greba Komiteak, greba orokorrari hasiera emateko

Txabi Alvarado Bañares 2020ko urt. 22a, 11:51

Urtarrilaren 29an jarri dute hitzordua, 21:00etan enpresak Laudion duen lantegiaren aurrean. Lehenago, baina, manifestazioa egingo dute anbulatoriotik abiatuta, 20:00etan.

Aiaraldeko Gazte Greba Komiteak bideo baten bidez plazaratu du duen planteamendua datorren asteko ostegunerako deitua dagoen greba orokorrari begira. Egitarau propioa plazaratu du gazteen taldeak, iragan ostiralean aurkeztutakoaren osagarri gisa.

Urtarrilaren 29an ekingo diote mobilizatzeari. Manifestazioa egingo dute arratsaldeko zortzietan, Laudioko anbulatoriotik abiatuta. Tubacexen lantegiraino joango dira, bertan “Aiaraldeko pikete nagusia” egiteko deia zabaldu baitute, gaueko bederatzietarako.

Izan ere, txandaka lan egiten den fabriketan ordu horretan hasiko da lanuztea.

Greba egunerako planteamendua
Urtarrilaren 30erako, aldiz, Amurrion eta Laudion egingo dituzte ekintzak, baina bi tokietarako egitarau bera prestatu dute.

8:00etan “gazte eta ikasle piketeak” egingo dituzte Zaraobe eta Laudio BHI institutuetan. 17:45ean, aldiz, “gazte blokeak” egingo dituzte, arratsaldeko manifestazioetara gazte guztiak batera joateko.



Zalantzetarako kontaktuak
Aiaraldeko Gazte Greba Komitearen jarduna ez da greba egunera mugatuko. Ekimen ugari egin dituzte orain arte: aurkezpenak burutu dituzte ikastetxeetan, eta  Whatsapp zenbaki bat eta helbide elektronikoa zabaldu dituzte, grebari begirako zalantza, duda eta kezkak argitzeko. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide