[ERREPORTAJEA] Aiaraldea, datorren osteguneko greba orokorrerako prest

Txabi Alvarado Bañares 2020ko urt. 26a, 09:00

Iragan asteko ostiralean aurkeztu zuten grebarako egitaraua, Urduñan. / Aiaraldea.eus

Datorren asteko ostegunerako -urtarrilak 30- greba orokorra deitu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, “lan, bizitza eta pentsio publikoen alde”. Aiaraldeko Greba Batzordeak egitarau oparoa prestatu du egun horretarako.

“Beharrezkoa da urtarrilaren 30ean greba orokorra egitea, bizi dugun prekarietate egoerari aurre egiteko. Elkarri lagundu behar diogu, denak batuta bagaude lortu daitekeelako. Ezin gaituzte isildu, denak atera behar gara kalera, batuta gaudela ikus dezaten”.

Ainhoa Marigorta, Artiachetik kaleratutako sei emakumeetako baten, hitzak dira horiek. Iragan asteko ostiralean Urduñan egon zen, eskualdeko beste hainbat herritarrekin batera, datorren urtarrilaren 30erako deitua dagoen greba orokorraren aurkezpenean. Dozenaka herritar bildu ziren Jai Alai frontoian eginiko ekitaldian: langileak, pentsiodun, gazteak eta mugimendu feministako kideak, besteak beste.

Hain zuzen, aldarrikapen feministak “lehen lerroan” egotearen beharra nabarmendu zuen Maddalen Muguruzak, “azken bi urteetako greba feministetan” bezala. “Zaintzaren arduraren kolektibizazioa mahai gainean jarri nahi dugu, prozesuan, edukietan eta greba egunean bertan”, aldarrikatu zuen Aiaraldeko Mugimendu Feministako kideak.

Iñaki Barandiaran pentsiodunak ere hartu zuen hitza. “Eskubide sozialen kartak dio pertsonak gaudela lehenbizi. Gauzak hala, pertsonak egon behar gara politikarien eta herriak bizi dituen erasoen gainetik. Lan prekarietatearekin eta gizon eta emakumeen artean dagoen soldata arrakalarekin amaitu behar dugu, geroz eta abandonatuagoak dauden pertsona nagusiak ahaztu gabe”.

 

Whatsapp zenbaki bat (615 112 426) eta helbide elektronikoa (aiaraldekogrebabatzordea@gmail.com) zabaldu dituzte, grebari begirako edozein duda edo zalantza argitzeko  

 

Urduñako aurkezpenean argi geratu zen: aniztasuna izango da datorren osteguneko mobilizazioen ezaugarri nagusietako bat. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitu du greba. Gehiengo sindikala (ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru) eta 100 eragile sozial baino gehiago barnebiltzen ditu plataforma horrek. Greba orokorrarekin hainbat aldarrikapen jarri ditu mahai gainean: “azken lan erreformak bertan behera uztea, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa jartzea, soldata arrakalarekin amaitzea, lanaldia 35 ordura jaistea eta 1.200 euroko gutxieneko soldata izatea, besteak beste”.

Hala azaldu du Aiaraldeko Greba Batzordeak. Urtarrilaren 30eko zita antolatzeko sortutako talde horrek gogoratu du azken greba orokorra 2013an izan zela, eta ordutik hona “borroka eta mobilizazio arrakastatsu andana” egon dela Aiaraldean eta Euskal Herrian; “martxoaren 8ko greba feministak, pentsiodunen astelehenero egiten dituzten mobilizazioak eta Berriak supermerkatuetako, Valvospaingo edota Tubos Reunidoseko langileen borrokak, besteak beste”. Gauzak hala, datorren asteko osteguneko deialdia borroka horiei guztiei “jarraipena” emateko balioko duela uste dute.

Egun osoko egitaraua prestatu dute horretarako, goizeko bostetatik arratsaldeko zortzietara luzatuko dena. Amurrio eta Laudion egingo dira ekintza gehienak, baina tartea utzi dute Gasteizen eta Bilbon eguerdian egingo diren mobilizazioetara bertaratzeko (hemen azpian ikusi daiteke programa osoa):



Zaintza guneak
Greba honek hainbat ardatz izango dituela nabarmendu dute antolatzaileek. Alde batetik, 24 orduko lanuztea planteatzen da, “langile zein ikasleentzat”. Bestetik, kontsumo greba egitea  planteatzen dute, “30ean erosketarik ez egitea eta tabernetan tragorik ez hartzea, ez kontsumitzea, alegia”.

Horrez gain, “zaintza greba” egitea ere proposatzen da. “Umeen zaintza komunitariorako guneak” atonduko dituzte horretarako. Amurrioren kasuan frontoian egongo da gunea, 9:00etatik 17:00etara. Laudion, aldiz, 8:30etatik 11:30etara eta 15:30etatik 17:30etara egongo da txoko hori irekita, Basalarrinan. Aretako Kultur etxean ere egongo da espazioa, 8:30etik 11:30etara. Umeak zaintza gune horietakoren batera bideratzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea, 615112426 telefonora edo aiaraldekogrebabatzordea@gmail.com helbidera mezua bidalita.



Gazteen egitaraua
Gazte mugimenduko kideak ere egon ziren Urduñako aurkezpenean, “alternatiba ezaren aurrean, Euskal Herrian lan, bizi eta ikasteko eskubidea aldarrikatzeko”. Aiaraldeko Gazte Greba batzordea sortu dute horretarako. Abenduan egin zuten lehen bilera irekia, eta urtarrilean bigarrena.
Ikastetxeetan aurkezpenak egin dituzte, grebaren nondik norakoak azaltzeko.

Horrez gain, egitarau propioa prestatzen ari dira. Urtarrilaren 29an “Eskualdeko Pikete Zentrala” deitu dute Laudioko Tubacex lantegiaren sarreran, 21:00etan, txandaka lan egiten duten lantegietan orduan hasten baita greba. 30ean, aldiz, piketeak egingo dituzte ikastetxeetan, goizeko zortzietatik aurrera. Arratsaldean, aldiz, “gazte blokeak” osatuko dituzte Laudio eta Amurrioko mobilizazioetan.


Zalantzetarako telefonoa
Horrez gain, greba batzordeek telefono zenbakia (615 11 24 26) eta helbide elektronikoa (aiaraldekogrebabatzordea@gmail.com) jarri dituzte herritarren eskura. “Edozein zalantza edo kezka izatekotan mezu bat bidali daiteke”, azaldu dute, “grebaren antolakuntzan murgildu nahi baduzu ere animatu kontaktuan jartzera. Eta enpresaren jabeak greba egiteko  trabak jartzen badizkizu ere animatu mezu bat bidali eta zure egoera salatzera”.

Zentzu horretan, greba batzordeko kideek nabarmendu dute “edozein langilek” duela greba egiteko eskubidea. “Kontratua izan edo ez, zure oinarrizko eskubidea da. Ez da beharrezkoa ezta sindikatu batera afiliatua egotea”, zehaztu dute, “Ez duzu ezta enpresaren jabea abisatu behar. Jabeak ezin dizu greba egingo duzun edo ez galdetu, legez kanpokoa da. Gainera, iritziz ere aldatu dezakezu: greba egingo ez duzula esan ahal diozu hasieran jabeari, baina gero aukera duzu iritzia aldatu eta greba egiteko”.

Ikasleek ere greba egiteko aukera izango dute, antolatzaileen esanetan, “ikasle-eragile ugarik ikasle greba deituko baitute egun horretarako”.

Jarraipen berezia
Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak ere bat egin du greba deialdiarekin. Urtarrilaren 30ean jarraipen berezia egingo da Aiaraldea.eus atarian eta grebarako prestatutako atari berezian.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide