[ANALISIA] Greba orokorraren ostean zer?

Txabi Alvarado Bañares 2020ko ots. 8a, 07:00

Oso jendetsuak izan ziren arratsaldean Laudion eta Amurrion egin ziren mobilizazioak. / Aiaraldea.eus

Astebete igaro da greba orokorretik. Aiaraldean jarraipen zabala izan zuen ekimenak eta eskualdeko herri handietako saltoki gehienek itxi zituzten ateak. Udalerri txikietan, aldiz, irregularragoa izan zen oihartzuna. Horretaz guztiaz hitz egiteko balorazio bilerak egingo dituzte greba batzordeek datozen egunetan. 

“Borrokan jarraituko dugu”. Hori izan zen iragan asteko greba orokorrean eskualdean egin ziren ekitaldietan errepikatu zen esaldia. Astebete igaro da ordutik hona, eta greba batzordeak abian daude dagoeneko. Datozen egunetan egingo dituzte balorazio bilerak Laudion eta Amurrion.

Seguru asko, egongo da zer hausnartu, baloratu eta eztabaidatu bilera horietan. Gauza asko gertatu ziren goizeko bostetako pikeetatik arratsaldeko mobilizazioetara.

Antolatzaileen lehen balorazioa positiboa izan zen. “Eskualde osoan goizean piketeetan gazte eta langile ugarik zeharkatu ditugu industriagune guztiak. Eguerdian, 150.000 pertsona mobilizatu dira hiriburuetako mobilizazioetan”, azaldu zuten Amurrioko manifestazioaren ostean eginiko ekitaldian.

Herri txikietan, aldiz, irregularra izan zen jarraipena. Urduñan, Arrankudiagan eta Arakaldon ere eragin handia izan zuen grebak. Aiaran, Okondon, Orozkon eta Artziniegan, aldiz, normaltasuna izan zen nagusi.

Aiarako PSE-EEk, bere aldetik, oharra plazaratu zuen greba egunean bertan, eskualdean barrena jazotako “ekintza bandalikoak” salatzeko.

Saltoki txikiei eskerrak
Oso nabarmena izan zen baita ere grebaren jarraipena hirugarren sektorean. Saltoki gehienek jaitsi zuten pertsiana. Amurrion taberna bakanen bat eta Eroski denda soilik mantendu ziren zabalik. Laudion, aldiz, supermerkatu kate horretako saltoki handiak ere itxi zituen ateak. Oso deigarria izan zen hori, 2011, 2012 eta 2013. urteetan egondako greba orokorretan irekita egon baitzen.

Gauzak hala, saltoki txikiei eskerrak emateko gutuna plazaratu zuten greba batzordeek biharamunean. “Dendari txiki, ile apaintzaile, tabernari... autonomoentzat, azken finean, bere negozioa egun batez ixteak zer eragozpen dakarren badakigu”, azaldu zuten, “horregatik, eskerrik asko, lan, pentsio eta bizitza duin batzuen aldeko greba egunarekin bat egiteagatik. Guri dagokigu orain beraiekiko elkartasun keinuak izaten jarraitzea”. Gauzak hala, saltoki txiki horietan kontsumitzeko deia luzatu zuten gutunaren bidez.

 

 

Mobilizazio jendetsuak
Baina arratsaldeko mobilizazioak ekarri zituzten eguneko unerik ikusgarrienak. Aurreko grebetan ez bezala, bi mobilizazio zentral egitea erabaki zuten greba batzordeek, Amurrion bata eta Laudion bezala. Bi ekimen ordu berean egiteak jendea sakabanatuko zuela pentsatu ahalko luke norbaitek, baina ez zen halakorik gertatu. Amurrion ehunka lagun batu ziren manifestaziora, eta Laudion 1.000 herritar baino gehiago egon ziren.

Balorazio kualitatiboa
Hala ere, egin daiteke grebaren bestelako balorazio bat, ez horren kuatitatiboa. Denbora asko igaro zen aurreko greba orokorretik, 2013an izan baitzen. Baina gaur egungo Aiaraldea ez da 2013koaren berdina. Mugimendu feministaren gorakadak eta pentsiodunen protestek, besteak beste, eskualdeko egoera aldatu dute, eta funtsezkoak izan dira oraingo greba orokorrari begira.

Zenbait praktika berri jarri dira mahai gainean, duela zazpi urte planteatu egiten ez zirenak. Zaintza lanak kolektibizatzeko guneak atondu dira, besteak beste, eta aipatutako mugimendu horien presentzia nabarmena izan da grebaren aurreko asteetan eta egunean bertan.

Goizeko bostetako piketeetan ikusi ahal izan zen hori. Bertan ez ziren sindikatuetako ordezkariak eta industriako beharginak soilik egon. Gazteak, mugimendu feministako kideak eta pentsionistak ere bertaratu ziren. Sektore ezberdinen arteko elkarlan horrek orube interesgarria sortu dezake etorkizuneko borroketarako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide