Tubacexek eskualdean dituen hiru lantegietako (Laudiokoa, Amurriokoa eta Aceralavakoa) ekoizpena geldituta dago gaur goizetik, eta bihar ere horrela jarraituko dute. Langileek lan egiteari utzi diote, koronabirusari aurre egiteko zehaztutako segurtasun neurriak betetzen ez direlako.
Gaur goizean bildu dira sindikatuetako ordezkariak zuzendaritzarekin, eta honek berretsi die ez duela ekoizpena eteteko asmorik, sindikatuek segurtasun neurriak betetzen ez direla salatu arren. “Hedabide batzuetan azaldu da enpresak enplegua murrizteko espediente bat plazaratu duela, baina ez da egia, ez du ekoizpena murriztu nahi”, adierazi dio Edu Ibernia enpresa komiteko buruak Aiaraldea hedabideari.
“Egiteko gauza garrantzitsuagoak”
Horregatik, lan ikuskaritza abisatzea erabaki dute langileen ordezkariek. “Abisua jaso dutela esan digute, baina ez dakigu dagoeneko zuzendaritzarekin harremanetan jarri diren edo ez”, azaldu du Iberniak, “Ertzaintza ere deitu dugu. Abisua jaso dute, baina esan digute ez direla atestatua egitera bertaratuko, egiteko gauza garrantzitsuagoak dituztelako une hauetan”.
Bihar ere ekoizpena geldituta
Arratsaldean hitz egiten jarraitu dute komiteak eta zuzendaritzak. Ekoizpena datorren astelehenera arte eten eta hitzarmenean zehaztutako egunak baliatzeko proposatu die zuzendaritzak beharginei, baina hauek ez dute hori onartu. Gauzak hala, ekoizpena geldirik mantentzea erabaki dute beharginek eta, ondorioz, bihar ez dute lanik egingo. Iberniak nabarmendu du langileak izan direla ekoizpena gelditzeko erabakia hartu dutenak, ez zuzendaritza. "Zuzendaritzak uste du beharrezko segurtasun neurriak betetzen direla, baina ez da horrela".
Segurtasun neurriak
Atzo langileek hainbat argazki zabaldu zituzten, enpresak jarritako segurtasun neurriak erakusteko:
Antza, enpresako buruek eurek prestatu dute botila barruan dagoen desinfektatzailea. Gaur lanera bertaratu direnean langileek sprai-pote moduko batzuen barruan topatu dute likidoa, baina produktua berdina dela nabarmendu dute.