Atzo arratsaldean eskualdeko lantegien jarduera gelditu eta gero, ELA, CCOO, STAT, Independenteak eta LAB sindikatuek oharra plazaratu dute egoera argitzeko.
Izan ere, momentuz, ekoizpena bertan behera utzi dute faktorietan. Langile ordezkariek nabarmendu dute zuzendaritzak hartutako prebentzio neurriak ez direla nahikoak eta, esaterako, ez dagoela maskara behargin guztientzat eta emandako konponbide bat dutxatu gabe itzultzea etxera dela.
Langile erakundeek bi gai azpimarratu dituzte. Alde batetik, ez daudela greban, baizik eta osasun publikoa bermatzeko behartuta ekin diotela ekoizpena gelditzeari.
Bestetik, jakinarazi dute ez dagoela inolako akordiorik enpresako arduradunekin lanean ez dauden egunei dagokienez.
Gauzak horrela, lanuzteak akordioa lortu arte jarraituko du. Momentuz, bilera eskatu dute sindikatuek. Euren proposamena da lantegia gradualki ixtea.
Enpresaren erantzuna
Atzo testu bat bidali zien zuzendaritzak langile batzordeko kideei bere jarrera plazaratzeko. Dokumentu horretan Tubacex enpresako arduradunek ziurtatu zuten prebentzio neurri guztiak hartu dituztela eta ez dagoela berebiziko arriskurik lantegietan. Alegia, sentsazio guztiz subjektiboa dela.
Horrez gain, aipatu zuen jarduera industriala etetea ez dagoela alarma egoerak behartzen dituen neurrien artean.
Bestalde, zuzendaritzaren ustez, sindikatuek oso modu orokorrean baliatu zuten atzo lan arriskuen kontrako legedia.
Berez, Tubacexeko zuzendaritzako kideek adierazi zuten langileek egindako blokeoa ez duela legeak babesten eta zigorrak eta salaketak abiatzeko aukera aztertuko zituela. Horri erantsi zioten Lan Ikuskaritza harremanetan jarri zela enpresarekin telefonoz eta, printzipioz, ez zuela esku hartuko.
Azkenik, testuak ohartarazten zuen lantegiak hustu ezean, hori egiteko baliabideak bilatuko zituztela.