Zer egin indarkeria matxista jasan baduzu, edo lekuko bazara?

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko mar. 19a, 12:49

Indarkeria matxista salatzeko telefonoak eta zerbitzuak indartu dituzte. / Aiaraldea.eus

Konfinamendu egoera dela eta, indarkeria matxista kasuak ugaritu daitezke. Hargatik, baliabideak indartu ditu Emakundek. Zer egin dezakegu egoera horien aurrean? Nola lagundu biolentzia jasaten duten emakumeak? Zein baliabide daude?

Etxean geratzeko deiak indarkeria matxista egoerak indartu ditzake. Berrogeialdiak iraun bitartean asko dira erasotuak izan daitezkeen emakumeak. Hala ohartarazi zuen atzo Emakundek, eta arreta emateko baliabide eta zerbitzuak ugaritu dituzte: "Bide telematikoak areagotu dira, zenbait zerbitzu aurrez aurre eskaini ezin direlako". 

Nola salatu konfinamendu egoeran indarkeria matxista?
Instituzioek, Emakunderen bidez, 24 orduko telefono zerbitzua eskaintzen dute: 900840111 deitu behar da horretarako. Bizilagun, lekuko edo ingurukoek, berriz, indarkeria matxistaren susmoa edo lekukotza badute, salaketa jar dezakete ertzain etxeetan (Laudioko Ertzaintza: 944063860). Urduñan eta Orozkon, 2017 geroztik Tartekarien sareak daude ere. 

Emakunderen baliabideak, genero indarkeriari aurre egiteko
Emakundek azpimarratu duenez, ohiko neurriek martxan jarraitzen dute. "Nolanahi ere, egoera aldian-aldian aztertuko da, beharrak identifikatzeko eta zerbitzuak eta baliabideak horietara egokitzeko. Alarma-egoera komunitarioan funtsezkoa da emakumeen aurkako indarkeria matxistaren kontrako jarrera aktiboa. Hori geldiaraztea gizarte hau osatzen dugunon erantzukizun partekatua da, bakoitza gure erantzukizun-eremutik". Ondorengoak dira erasotuak babesteko instituzioek eskainitako baliabideetako batzuk:

  • Bortxa telefonoa 
  • Genero-indarkerian espezializatutako ertzainak, segurtasun pribatua…
  • Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako ordainketa bakarreko prestazio ekonomikoaren eskaerak ebaztea (laguntza eskatzeko bide telematikoa irekita dago, eta deiei ematen zaien arreta ziurtatuta dago).
  • Biktimei Laguntzeko Zerbitzua eta arlo judizialeko laguntzak: emakumeen aurkako indarkerian espezializatutako epaitegiak, genero-indarkeriaren biktimentzako doako laguntza juridikoko zerbitzuak, etxeko tratu txarren biktima diren emakumeentzako berehalako harrera-zerbitzuak, erasotuentzat egoitza-zentroak eta aholkularitza juridikoko eta laguntza psikologikoko zerbitzuak… 

Salaketek etenik ez
Larrialdi egoerak ez du mobilizazio deialdi eta aukera geratu indarkeria matxistari dagokionez ere. Aiaraldeko Mugimendu Feministak astelehenean lapikokada bidez salatu zuen indarkeria matxista, 2020an matxismoak 3. emakumea erahil izana salatzeko:

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide