Tubacexeko langileak lanera itzuli beharko dira, Lan eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzak (Eusko Jaurlaritzaren menpeko organoak) beharrezko segurtasun neurriak betetzen direla ondorioztatu duelako.
Erakunde horrek asteazkenean jaso zuen Tubacexeko Enpresa Batzordearen emaila. Lan Ikuskaritzari birbidali zion mezua, eta atzo jaso zuen erakunde horren erantzuna.
Ikuskaritzaren arabera, ez dago probatuta enpresetako langileek “berehalakoan kutsatzeko arriskua” dutenik.
Bere iritziz, alarma egoera eta pandemia “deklaratze hutsak” ez du esan nahi enpresa guztietan kutsatzeko behehalako arriskua dagoenik, “bestela enpresa guztiak itxiko liratekeelako 463/2020 Errege Dekretuaren bidez”.
Ikuskaritzaren arabera, Errege Dekretu horretan zehazten diren enpresak (saltokiak eta abar) dira itxi behar direnak, baina gainontzekoen jarduerek aurrera egin dezakete, “berehehalako etorkizun batean kutsatzeak egon daitezkeela frogatzen ez bada”.
Erakundearen arabera, enpresaren jarduna gelditzeko beharrezkoa da arriskua “berehalakoa” dela frogatzea, “suposizio hutsak edo sortutako alarma soziala” nahikoa ez direlako.
Gauzak hala, langileek asteartean bultzatutako ekoizpenaren etetea bertan behera uzteko agindu du Lan eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzak.
LABen oharra
LAB sindikatuak gogor kritikatu du Lan Zuzendaritzaren erabakia: “Enpresak produkzioa du helburu, eta Jaurlaritzaren eta Lan Ikuskaritzaren babes osoarekin, langileak 'salduta' utzi dituzte. Koronabirusaren izurritea, kutsatze maila eta erraztasuna, eta datu larri guztiak mahai gainean edukita ere; produzitzen jarraitzeko agindua dute langileek”.
Eusko Jaurlaritzaren eta Osalanen neurriak “lotsagarriak” direla nabarmendu du sindikatuak, “ez dute prebentzioa helburu, produkzioa mantentzea besterik ez dute bermatzen".
Hainbat gauza jarri ditu sindikatuak mahai gainean: “Zeintzuk dira sarrera eta irteeretan beharrezko neurriak? Zenbatero eta nork garbitu eta desinfektatu behar ditu gune komunak (aldagelak, komunak...)? Nork eta zenbatero desinfektatu behar ditu lan tresna eta makina komunak? Nola bermatuko da langileen artean uneoro 1,5m distantzia errespetatuko dela?”.
Okerrenean ere jarri dira: “Langile bat lan zentroan gaixotuz gero hilko balitz, noren erantzukizuna izango da? Zer esango dute Arantxa Tapiak eta Confebaskek, ezin dela frogatu non gaixotu den?”.
Gauzak hala, “oinarrizkoak ez diren” jarduera ekonomiko guztiak gelditzeko eskatu die LABek Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako gobernuari, eta “elkartasuna eta harrotasuna” helarazi dizkie planto egiten jarraizten duten langileei.