Tubacexeko zuzendaritzak langileei esan die ezingo direla lantegietan sartu bere segurtasun protokoloa sinatzen ez badute

Txabi Alvarado Bañares 2020ko mar. 23a, 13:18

Zuzendaritzak zabaldutako bideoaren fotograma bat.

Segurtasun irizpideak betetzeak dakarren denbora lanalditik kanpo kokatu du zuzendaritzak. Sindikatuen arabera, modu horretan langileek 9 ordu baino gehiago igaroko dituzte fabrikan.

Gaur lanera itzuli behar izan dira Tubacexeko beharginak, Lan Ikuskaritzak segurtasun irizpideak betetzen direla ondorioztatu zuelako.

Zuzendaritzak protokolo berria osatu du, gaur bertan indarrean jarri dena. Enpresa Batzordeak jakinarazi du dokumentu hori hainbat bilera egin ostean garatu duela enpresak, eta sindikatuen hainbat ekarpen jasotzen dituela.

Zuzendaritzak bideo hau zabaldu du protokoloaren nondik norakoak azaltzeko:

9 ordu baino gehiago fabrikan
Hala ere, langileen ordezkariek nabarmendu dute protokoloak barnebiltzen dituen zenbait puntu zuzendaritza eta langileen arteko “aho bateko akordioa” galarazten dutela. “Oztopo nagusia lanaldian datza”, azaldu dute sindikatuek ohar baten bidez.

Euren ustez, zuzendaritzak egiten dituen txandakatze eta errelebo proposamenak langileak fabrikan 9 ordu baino gehiago egotea ekarriko luke, eta hori ez da bideragarria langile askok dituzten kontziliazio arazoekin.

Gauzak hala, eskaera argi bat egin dio Enpresa Batzordeak zuzendaritzari: errelebo bakoitzeko ordu kopurua 6ra jaistea, modu horretan lanaldiko beste bi orduak baliatu ahal izateko segurtasun irizpideetan zehaztuta neurriak betetzera.

Horrez gain, errelebo kopurua gutxitzeko eta asteburuetako “guardiako ordezkapenak” bermatzeko eskatu diote langileen ordezkariek enpresari, “koronabirus kasu positiboak direla eta egon daitezkeen bajei aurre egiteko”.

Baina, salatu dutenez, enpresak ez zituen aipatutako bi gauza horiek onartu, eta bertan behera utzi zituen negoziazioak.

"Ez konforme"
Arestian aipatu bezala, gaur jarri da indarrean zuzendaritzaren protokoloa, eta langile guztiei pasa diete, sinatu dezaten.

Langile batzuek “ez konforme” sinatu dute, eta zuzendaritzaren deia jaso dute gero, dokumentua sinatzen ez bazuten lanera joango ez zirela esanez.

Gaur eguerdian bildu da Langile Batzordea zuzendaritzarekin. Bertan, zuzendaritzako kideek jakinarazi dute "ez konforme" sinatutako dokumentuak ere onartuko dituztela, langileak protokoloa betetzera konprometitzen badira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide