Asteazkenak Covid-19 birusaren 17 positibo berri utzi zituen Aiaraldean, Osakidetzak jakinarazi duenez.
Gehienak Laudion izan ziren, 13. Hain zuzen, %72,2ko igoera izan du herriak egun batetik bestera; 18tik 31ra. Orain arteko hazkunderik handiena. EAEko udalerri kutsatuenean artean 17. postuan kokatzea ekarri du horrek, atzo 23. postuan egon eta gero.
Amurrion ere 3 positibo berri baieztatu zituzten eta 15 dira guztira. Aiarak kasu bakarra gehitu zion bere zenbaketari eta 7 dira jadanik. Edonola ere, kopurua bikoiztu daiteke, Menagaraiko Bihotz Errukitsua zentroan 7 analitika egin dituztelako eta emaitzen zain daudelako.
Urduñak jarraitzen du 8 kasu positibo izaten, eta Artziniegak 3 ditu, Orozkok bezala.
Eskualdean batezbestekoaren hazkundea atzo %29,4koa izan zen, EAEkoa gaindituta, zeina %26,3ra heldu zen.
Erkidego osoan 3.946 positibo daude: 1.850 Bizkaian, 1.425 Araban eta 661 Gipuzkoan. Atzo 25 lagun gehiago hil ziren eta 180 dira dagoeneko zendutako herritarrak.