Egun luzea izan zen atzokoa Tubacexeko Enpresa Batzordeko kideentzat. Sindikatuen artean bilduta egon ziren lehenbizi, eta zuzendaritzarekin batzartu ziren gero, 20:45ak arte.
Goizean proposamena adostu zuten sindikatuek eta zuzendaritzari plazaratu zioten gero. Honako hau planteatu zuten langileen ordezkariek: datorren astean beharginen %66ak lan egitea gehien jota eta gainontzekoa etxean egotea, %100a kobratuta baina “plus presentzialak” gabe.
Zuzendaritzak ezekoa eman zion proposamen horri, “ekonomikoki onargarria” ez zela argudiatuta.
Gauzak hala, beste planteamendu bat jarri zuten enpresako buruek mahai gainean: enplegua erregulatzeko aldi baterako espedientea ezartzea datorren astelehenetik aurrera.
Enpresa Batzordearen arabera, proposamen horrek ez luke langileen soldataren %80a ere estaliko eta, gainera, erabateko geldialdia emango balitz langileek desenpleguko dirua jasoko lukete soilik bigarren hilabetetik aurrera.
Sindikatuen bigarren proposamena
Gauzak hala, beste proposamen bat akordatu zuten sindikatuek, aho batez: hurrengo astean ekoizpena orain arteko egoera berdinean mantentzea eta horren ostean hiru hilabeteko enplegua erregulatzeko espedientea ezartzea.
Espediente horrek honako ezaugarri hauek izango lituzke: soldata %90ean osatuko litzateke, oporrak eta paga estrak sortuko lirateke espedienteak iraun bitartean, behin-behineko langileak ere barnebilduko lituzke eta kanpoan utziko lituzke Errelebozko Kontratua duten gaur egungo zein etorkizuneko beharginak.
Zuzendaritzaren proposamen berria
Zuzendaritzako kideek bi orduko atsedenaldia egin zuten orduan, proposamena baloratzeko. Ondoren, honakoa helarazi zieten langileen ordezkariei: 3 hilabeteko espedientea laburregia iruditzen zitzaiela eta, horren ordez, sei hilabetekoa ezartzea planteatzen ari zirela.
Sindikatuek eginiko proposamen berria bideragarria ez zela esan zuen enpresako buruek, “1 eta 2,5 milioi arteko gainkostua” ekarriko lukeelako.
Horren ordez, euren hasierako proposamenari heldu zioten berriz: %33 lan egitea eta soldataren %62 osatzea edo %66 lan egitea eta %84 kobratzea.
Enpresa erabat geldituko balitz egongo liratekeen ordainsariak ere zehaztu zituen zuzendaritzak: 1.600 euro jasoko lukete seme-alabarik gabeko beharginek, 1.750 euro seme alaba bat dutenek eta 1.900 euro, aldiz, bi edo gehiago dituztenek.
Oporrei dagokionez, zuzendaritzak ez zuen argitu sindikatuen proposamena errespetatuko zuten edo ez. Errelebo Kontratua duten langileei gaineko proposamena begi onez ikusi zuten, baina ez zuen behin-behineko langileak espedientearen barruan sartzea onartu.
Ekoizpena gelditzearen ondorioak hizpide
Beste neurri batzuk ere proposatu zituen zuzendaritzak, baina sindikatuek adierazi zuten ezin zituztela une horretan baloratu. Gauzak hala, negoziazioekin astelehenean jarraitzea proposatu zuen Enpresa Batzordeak.
Bilera amaitu baino lehen, zuzendaritzak azken gai bat jarri zuen mahai gainean: iragan astean langileek eginiko ekoizpen etetea. Enpresako buruek adierazi zuen nominetatik kenduko zietela beharginei egun horietako dirua. Sindikatuek, auren aldetik, horrekin ados ez zeudela adierazi zuten, eta nabarmendu zuten horrelako jarrerek ez dutela abian dauden negozioetan laguntzen.