Osakidetzak argitaratu berri duen txostenak itxaropenerako tartea ematen du Aiaraldeko emaitzak ikusita. Izan ere, 3 egunetan sekulako hazkundea izan eta gero, koronabirusaren positiboei dagokienez, igoera murriztu egin zen atzo.
Guztira 9 kasu berri egon ziren; 4 Laudion, 3 Amurrion eta bana Aiara eta Orozkon. Hau da, 113 dira eskualdeko kasuak eta horrela banatzen dira: 49 Laudio, 31 Amurrio, 10 Urduña, 8 Aiara, 7 Artziniega, 4 Orozko eta 4 Okondo.
Edonola ere, atzoko igoerak aurreko eguneko joerarekin apurtu du neurri batean. Egun batetik bestera positiboen gorakada %8,65ean geratu da ostiraleko kopuruarekin alderatuta. Aintzat hartu beharra dago asteazkenetik ostiralera bitartean orain arteko Aiaraldeko koronabirus kasuen %47,7a identifikatu zituztela; 54.
Zehazki, egunez egun igoera honakoa izan zen: %29,4 asteazkenean, %26,86 ostegunean eta %22,35 ostiralean. Atzo, esan bezala, hazkundea %8,65ean mantendu zen.
EAEri dagokionez, 5.740 positibora heldu da kopurua; 2.776 Bizkaian, 1.947 Araban eta 1.017 Gizpuzkoan. 24 lagun gehiago zendu ziren atzo eta 265 dira jadanik hildakoak.