Osakidetzaren datuen arabera, Aiaraldean kasuen igoerak marka berria ezarri zuen eta 19ra heldu ziren atzo, 104 guztira. Gorakada Amurriok nabaritu zuen gehien; atzoko positiboen %42ak bertan izan baitziren, hau da, 8. Gainera, udalerriko kopurua 28an dago jadanik eta egun batetik bestera %40an hazi zen.
Okondoren egoera, zentzu batean, larriagoa da. Ostegunean jakinarazi zuen Osakidetzak lehenengo kasua, baina atzo jadanik 4 ziren diagnosiak -%300ko igoera-. Edonola ere, atzo bertan herritar batek azaldu zion Aiaraldea Hedabideari bere senide bat hil zela 18an koronabirusaren ondorioz. Hortaz, izan daiteke datuak eguneratu izana.
Laudio da eskualdean kasu gehien duen udalerria: 45. Atzo 6 gehiago topatu zituzten eta EAEko 16. herri kutsatuena da dagoeneko. Urduñan ere %20ko hazkundea jazo zen atzo eta jadanik 10 gaixo ditu hiriak.
Bestalde, Artziniegak, Orozkok eta Aiarak ez dute aldaketarik izan, zorionez. Horrek esan nahi du Menagaraik Corazón Misericordioso egoitzan egindako 7 probak ez zirela positibo izan.
EAEri dagokionez, 5.136 positibo jaso ditu Osakidetzak. Bizkaian egoera kontrolez kanpo dagoela ematen du, 2.643 kasu baitaude. Oso atzean utzi du duela gutxi arte lurralde kutsatuena zen Araba. Han 1.779 gaixo daude eta Gipuzkoan 894. Hildakoak 241 dira eta ostiralean 34 zendu ziren, zoritxarrezko marka berria.