Ziurgabetasun handia dago eskualdeko langileen artean. Funtsezkoa ez den jarduera ekonomiko oro eteteko agindua iragarri zuen atzo arratsaldean Espainiako Gobernuak. Baina 24 ordu baino gehiago igaro dira dagoeneko jakinarazpen hori egin zenetik, eta oraindik ez da erabat ziurra zer jarduera kontsideratuko diren “funtsezko” eta zeintzuk ez.
Ser hedabideak gaur ateratzekoa den Errege Dekretuaren zirriborroa plazaratu du. Dokumentu horren arabera, 40 jarduera mota dira funtsezkotzat hartzen direnak. Horien artean daude supermerkatuen hornikuntza edota osasun azpiegiturak, baina baita bestelako sektore batzuk ere, siderurgia kasu.
Hori baliatu du Tubacexeko zuzendaritzak langileei bihar lanera joan behar direla esateko, baina ikusteke dago behin betiko Errege Dekretuak zer zehaztuko duen. Horri gehitu behar zaio enpresa taldearen eskualdeko lantegietan berez dagoen egoera ezegonkorra. Ostiral arratsaldean izan ziren sindikatuen eta zuzendaritzaren arteko azken negoziazioak, eta bihar jarraituko omen dute. Errege Dekretuaren edukiak, beraz, asko baldintzatu ahal ditu bi aldeen arteko elkarrizketa horiek.
Artikulua eguneratzen joango gara informazio gehiago izan ahala. Estatuko Buletin Ofizialean argitaratuko da Errege Dekretua, eta hemen kontsultatu ahalko da.