Osakidetzak argitaratu berri ditu koronabirusaren datuak, atzo 20:00etan jasotakoak. Datu baikorrena ondorengoa da: bakarrik 6 kasu berri diagnostikatu zituzten atzo eskualdean, igandeko kopuruaren %37,5 alegia.
Azken 5 egunak gorabeheratsuak izan dira. Berez, sekulako gorakadak egon ziren asteazkenean (17 positibo), ostegunean (18 positibo), ostiralean (19 positibo) eta igandean (16 positibo). Joera horrekin larunbateko kopuruak soilik apurtu zuen, 9 kasu berri izan baitziren.
Atzoko 6 positibo berriek grafikoan beherakada nabarmena eragiten dute. Igandeko datuekin alderatuta, %72,5 murrizketa dago, hain zuzen.
Kasu berriak eta orain artekoak gehituta, ondorengoa da herrikako egoera: Laudion 3 (60 ditu jadanik), Orozkon 2 (7 dira orotara) eta Urduñan 1 (14 erregistratu dituzte). Amurriok 34 kasuri eutsi zion, Artziniegak 5. egunez 7 kasurekin jarraitzen du, eta Okondok duela 3 egun ez duela positibo berririk (4 gaixo ditu).
Kutsatuen kopuruei erreparatuta, Eustaten errolda datuak baliatuta, hurrengoak dira: Artziniega %0,36, Okondo %0,33, Urduña, Amurrio eta Laudio %0,32, Aiara %0,31 eta Orozko %0,26.
EAEn ere grafikoak behera egin du kutsatuen alorrean. Larunbatean 611 gaixo berri identifikatu zituzten, igandean 308 eta atzo, aldiz, 258. Hiru egunetan kasu berriak %57,7 murriztu dira.
Ez da gauza bera gertatu hildakoekin, ordea. Igandean 32 gehiago zendu ziren eta atzo 28. Hau da, heriotzek behera egin badute ere, ez dute kopuru berean egin eta jadanik 325 herritar hil dira EAEn.
Guztira 6.320 gaixo identifikatu dira. 3.102 Bizkaian, 2.105 Araban eta 1.113 Gipuzkoan. Txosten osoa hemen irakurri daiteke.