Hedabideetan sarritan agertu da osasun langileen koronabirusaren aurka borrokatzeko duten baliabide falta. Egoera horretaz jakitun, birusaren aurkako babes-elementuak (maskarak, EPIak...) ekoizteari ekin diote eskualdeko hainbat norbanako eta taldek, Covid Euskadi ekimenarekin bat eginez. “Egunero 1.000 maskara inguru ekoizten ditugu, eta 12.000 fabrikatu eta banatzea lortu dugu jadanik EAEn”, azaldu du talde koordinatzaileko kideak den Jon Ander Iturrioz laudioarrak.
Laudioko jendea soilik ez, beste herri batzuetakoa ere batu da egitasmora. Amurrioko Kopas enpresako kideek, adibidez, sariak eta oroigarriak ekoizteari utzi zioten alarma egoera piztu zenean, maskarak fabrikatzera pasatzeko. “Bagenituen materialak, bagenuen esperientzia”, azaldu du Iñaki Llanok, “aukera ugari baloratu genituen, 3D inprimagailuaren prozesua ez baita horren azkarra”. Prototipo bat diseinatu eta ekoizteari ekin zioten. “1.000 maskara inguru fabrikatu eta banatu ditugu dagoeneko, kostu guztia gure gain hartuta. Astebete daramagu lantegian itxita, ekoitzi eta ekoitzi”. Ekimenarekin aurrera jarraitzeko prestutasuna erakutsi du Llanok, baina ez dakite jarraitu ahalko duten, jarduera ekonomikoak eteteko agindua baitago.
Zaraobe Institutuan ere
Zaraobe Institutuak ere egin du bat proiektuarekin. “Hainbat inprimagailu genituen, eta baita material erosi berriak ere”, azaldu du Leire Ugarriza zuzendariordeak. Ikastetxeek atek itxi zituztenean etxera eraman zituzten tresna guztiak, eta bertan jarri zituzten martxan. Zaraobeko kideek ere badute ekoizten jarraitzeko asmoa, horretarako beharra dagoen bitartean, behintzat.
Covid Euskaditik, aldiz, bestelako babes elementu batzuk ere egiteko asmoa adierazi dute. “Badaude ekoizteko oso zailak diren elementu batzuk, materiak bereziak dituztenak, arazoak ditugu”, aitortu du Iturriozek, “baina ez dugu itxaropena galtzen. Guztion artean pausoz pauso lortuko dugu aurrera joatea”.