Bigarren egunez jarraian koronabirusaren kasu berrien kopurua murriztu da Aiaraldean, Osakidetzaren arabera. Oraindik goizegi bada ere, joera berria izan daiteke azken bi egunekoa eskualdean, EAEn positiboek gora egin zutelako tarte berean.
Izan ere, astelehenean 6 kasu berri agertu ziren, eta atzo 5. Gogoratu beharra dago igandean 16 izan zirela eta goia jo zutela ostiralean 19 berrirekin. Gorakadaren unerik kritikoena izan zen; asteazkenean 17 diagnostikatu baitzituzten eta ostegunean 18.
Gauzak horrela, kasu berriak Laudion (2), Orozkon (2) eta Aiaran (1) banatu dira. Orozkon 9 dira dagoeneko eta asteburutik atzo arte %300 hazi da kopurua.
Hala ere, Laudio oraindik da eskualdeko udalerririk kutsatuta 62 positiborekin, eta Aiara 10 kasutara heldu da.
Gainerako herrietan ez da aldaketarik jazo. Amurriok 34 gaixo izan ditu krisialdia hasi zenetik, Urduñak 14, Artziniegak 7 eta Okondok 4. Guztira, Aiaraldean 140 positibo detektatu dituzte, beraz.
Ehunekotan banatuta, ordea, Artziniega da udalerririk kaltetuena, bere populazioaren %0,36 baitago kutsatuta. Horren ostean daude Orozko eta Aiara %0,34rekin, Laudio eta Okondo %0,33rekin, eta Amurrio eta Urduña %0,32rekin.
EAEri erreparatuta, Osakidetzak atzo 20:00etan bildutako datuak ez dira hain baikorrak. Izan ere, 508 positibo berri egon ziren, astelehenean baino 240 gehiago, esaterako. Guztira 6.838 daude erkidegoan: 3.382 Bizkaian, 2.250 Araban eta 1.206 Gipuzkoan. Hildakoak 369 dira jada, hau da, 44 gehiago.