ELA sindikatuak oharra zabaldu du jakinarazteko Arabako Foru Aldundiak ez duela bete Indesako langileei agindutakoa. Indesa sozietate anonimoa da, baina aldundiak du parte-hartze ia guztia.
Osasun larrialdia hasi zenean, espedientea jarri zuten indarrean 347 langilerentzat. Guztira, 800 inguru dira Araban eta Aiaraldean 100 -Amurrio eta Laudioko zentroetan-. Garbiketa eta lorezaintza lanak betetzen dituzte, besteak beste.
Enpresak aurreratu zuen lan egin gabe geratuko zirenak soldata osagarria izango zutela. Hau da, langebeziak eta konpainiak ordaindutakoarekin soldataren %100a jasoko zutela. Hala ere, atzo -apirilaren 1ean- izan zen ordainketa eta espedientearen barruan dauden beharginek ez dute diru hori jaso.
500 eta 600 euro arteko diru sarrera
Gauzak horrela, langile horiek 500 eta 600 euro arteko diru sarrerekin geratu dira. Sindikatuak, gainera, gogoratu du Lanbidek ez diela langabezia ordainduko apirilaren 10era arte. Ondorioz, "jatearen eta ohiko ordainketak egitearen artean" erabaki beharko dute.
Horregatik, akats hori berehala zuzentzeko exijitu dio langile erakundeak enpresako zuzendaritzari zein aldundiari.
ELAk gogor salatu du Indesako langileekin modu arduragabean jokatzen duela Arabako Foru Aldundiak. Sindikatuaren aburuz, espedientea prestatzeko ez zuen denborarik galdu enpresak, baina ez du segundo bat bera bideratu langileei ordaintzera.
Sindikatuak gogoratu du Indesak behar bereziak dituzten herritarrak kontratatzen dituela eta lan baldintzak ez direla egokiak, askotan soldata ez baita heltzen 1.000 eurora.