Osakidetzako datuak aintzat hartuta, atzokoa egun beltza izan zen Aiaraldean koronabirusaren kasu berriei dagokienez. Izan ere, 24 ordutan 20 positibo berri diagnostikatu zituzten.
Hau da, egun batetik bestera %81,8ko igoera jazo zen, asteazkenean 11 identifikatu baitzituzten. Kontuan hartu behar da ere asteazkenean %120koa izan zela igoera, astearteko kasu berriekin alderatuta -5etik 11ra igarota-.
Datu okerrenak Amurriok izan zituen, 12 positibo zenbatu baitziren atzo; %500eko hazkundea kasu berrietan egun batetik bestera. Guztira, heren batean (%33,3an) igo dira gaixoak udalerrian 24 ordutan eta 36 izatetik 48 izatera egin dute salto.
Eskualdeko kopurua 171 kasutan geratu zen atzo eta gainerako udalerritan hazkundea xumeagoa izan zen: Laudion eta Urduñan 2 gehiago eta Aiaran, Artziniegan, Orozkon eta Okondo bana gehiago.
Horrela, Laudiok jarraitzen du izaten Aiaraldeko herririk kutsatuena kasu zenbaketari dagokionez, eta 70 herritar gaixotu dira. EAEko 17. udalerririk kaltetuena da. Amurrio 26. kokatu dago zerrenda horretan, 48 kasurekin.
Urduñan 19 positibo jazo dira, Aiaran 11, Artziniegan 8, Orozkon 10 eta Okondon 5.
Populazioaren ehunekoei erreparatuta, Amurriok gora egin du nabarmen eta herritarren %0,46a gaixotu da. Urduñan %0,44ra heldu dira, Okondon eta Artziniegan %0,41era, Laudion eta Orozkon %0,38ra eta Aiaran%0,37ra.
EAEn 7.827 lagun daude kutsatuta. 4.024 Bizkaian, 2.447 Araban eta 1.357 Gizpuzkoan. Guztira 444 herritar zendu dira, aurreko egunean baino 32 gehiago.