Osakidetzak atzo 8 positibo berri jaso zituen Aiaraldean, hau da, asteleheneko datuak bikoiztu zituen. Hala ere, txostenak utzi du beste kopuru interesgarri bat: astelehenean EAEn 758 test egin zituen osasun sistema publikoak gaixotasuna baieztatzeko, eta atzo 1.678. Beste era batean esanda, %121 hazi da proba kopurua, eta positiboen igoera ez da proportzioari dagokiona izan. Berez, astelehenean banatzen hasi zen Osakidetza test azkarrak egiteko tresna; eta, antza, atzo bertan ekin zioten erabiltzeari.
Atzoko gorakada, bestalde, horrela bereizi zen herrika: Laudion 4 positibo berri egon ziren, Amurrion 3 eta Orozkon bat.
Guztira, 197 dira kasuak Aiaraldean, beraz. Herrika horrela geratu da zenbaketa; Laudion 79, Amurrion 61, Urduñan 19, Aiaran 14, Artziniegan 8, Orozkon 11, Okondon 5.
Kutsatuen ehunekoei erreparatuta, biztanleria datuekin alderatuta, ondorengoa da Covid-19ren eragina eskualdean: Amurrion %0,58, Aiaran %0,48, Urduñan %0,44, Laudion %0,43, Orozkon %0,42 eta Okondon eta Artziniegan %0,41. Arakaldon eta Arrankudiaga-Zollon, ez dute oraindik kasu positibo bakarra ere antzeman.
EAEko datuei dagokienez, 9.452 kasu dira guztira, 4.968 Bizkaian, 2.806 Araban eta 1.678 Gipuzkoan. Azken egunetan hildakoak, ordea, 635 lagunera heldu dira.