Osakidetzak adierazi du bere eguneroko txostenean 4 koronabirus positibo erregistratu zituela ostegunean Aiaraldeak. Horrela, 202 kasura heldu da jadanik eskualdea.
Edonola ere, apirilaren hasieratik kutsatu berrien kopuruek behera egin dute, esaterako, asteazkenean kasu bakarra aitortu zen, osasun sistema publikoak datuak argitaratzeari ekin zionetik kopuru txikiena.
Herrika, kutsatuen banaketa hurrengoa da: Laudion 80, Amurrion 62, Urduñan 20, Aiaran 15, Orozkon 11, Artziniegan 9 eta Okondon 5.
Udalerrika kutsatuen kopuruaren sailkapena ezberdina da, ordea, ehunekoei erreparatuta. Zehazki, Amurrio da herririk kaltetuena %0,59rekin, gero Aiara %0,51rekin, Urduña eta Artziniega %0,46rekin, Laudio %0,43rekin, Orozko %0,42rekin eta, azkenik, Okondo %o,41ekin.
Berez, grafikaren unerik kritikoenak martxoaren 25etik martxoaren 29ra izan ziren. 5 egun horietan 79 koronabirus positibo diagnostikatu zituzten, krisialdi osoaren %39. Gero, egunez eguneko hazkundea apaltzen joan da eta konfinamenduaren eragina nabaritu da. Berez, aurreko egunetan kutsatuen %24,7 erregistratu zituzten eta 30etik aurrera %36.
Jakina, aintzat hartu beharra dago ezarritako protokoloen ondorioz, eskualdeko gaixo guztiak ez direla erregistratu. Hainbat jendek konfinatua igaro du gaixotasuna eta testak egiteko bitarteko nahikorik ez delako egon, eta momentuz, behintzat, ez dira datuetan erregistratu. Anbulatorioek jakinarazi dutenez, gainera, momentuz ez dute test azkarrik probak egiteko.
EAE mailan, berriz, 10.103 lagun kutsatu ditu Covid-19ak; 5.392 Bizkaian, 2.908 Araban eta 1.803 Gipuzkoan. Hildakoen kopurua 729ra heldu da. Gehienek 60 urte baino gehiago zituzten; 704.