Aiaraldeko positibo berrien kopuruak egonkortzen jarraitzen du. Osakidetzak argitaratu berri duen txostenean jakinarazi duenez, atzo 3 koronabirus kasu diagnostikatu zituen osasun sistema publikoak. Zehazki, bana Laudion, Amurrion eta Orozkon.
Gauzak horrela, 205 gaixo erregistratu ditu eskualdeak: 81 Laudion, 63 Amurrion, 20 Urduñan, 15 Aiaran, 9 Artziniegan, 12 Orozkon eta 5 Okondon.
Gorakadarik okerrena apirilaren 2an izan zen, 20 diagnosi berri identifikatu baitzituzten. Hau da, orain arteko pandemiako %9,75. Hala ere, geroztik hazkundea apaldu da. Apirilaren 8an gutxieneko historikora heldu zen bailara kasu bakarrarekin, atzo 4 izan ziren eta gaur, aldiz 3.
Kutsatu kopuruari dagokionez, Laudio da EAEko 22. herririk kutsatuena, baina biztanleen banaketari erreparatuta, eskualdean kaltetuen ehunekoak hurrengoak dira: Amurrio %0,60, Aiara %0,51, Urduña eta Artziniega %0,46, Orozko %0,45, Laudio %0,44 eta Okondo %0,41.
EAEn gaixoak 10.515 dira dagoeneko: 5.651 Bizkaian, 2.990 Araban eta 1.874 Gizpuzkoan. Gainera, 765 lagun hil dira, atzo 36 herritar zendu baitziren. Horien artean 20 eta 29 urte bitartean zegoen pertsona bat, nabarmendu dute txostenean, bigarrena adin horrekin pandemia hasi zenetik.