Asteartean 2 positibo berri diagnostikatu zituen Osakidetzak Aiaraldean, bat Amurrion eta bestea Aiaran. Aurreko eguneko kopurua bikoiztu bazen ere, apirilaren 3an hasitako beherakadaren kopuruen barruan dago atzoko datua.
Kasu berriekin, 218 dira guztira eskualdean. 83 Laudion -nahiz eta Aiaraldeko kutsatuena izan, EAEko rankingean jaitsi da 25. postura-, 66 Amurrion, 21 Aiaran, 20 Urduñan, 14 Orozkon, 9 Artziniegan eta 5 Okondon.
Biztanle kopuruari eta herritar kutsatuei erreparatuta, ordea, Aiara da udalerririk kaltetuena. Apirilaren 11n 15 positibo ziren, baina hurrengo egunean 5 kasu gehiago diagnostikatu zituzten eta atzo beste bat. 21 gaixorekin populazioaren %0,72ak hartu du koronabirusa.
Amurrion %0,62an dago pandemiaren eragina, Orozkon %0,53an, Urduñan eta Artziniegan %0,46an, Laudion %0,45ean eta Okondon %0,41ean.
Atzoko zenbaketak 11.475 positibo utzi zituen EAEn; 6.239 Bizkaian, 3.075 Araban eta 2.161 Gipuzkoan. Araban 20 kasu berri egon ziren eta %10a eskualdean erregistratu zuten. Hildakoak 902ko kopurura heldu dira, hau da, atzo baino 43 gehiago, apirilaren 7tik egondako daturik okerrena esparru horretan, hain zuzen.