Eusko Jaurlaritzak horretarako erabakitzeko aukera eman eta gero, hainbat eragileren protestaren ostean, udalek eskumena daukate azokak ahalbidetzeko.
Laudiok dagoeneko baimena eman du eta gaur tokiko ekoizleak Aldai plazan egongo dira eguerdira arte. Tokiko erakundeak zenbait neurri ezarri ditu; postuen artean 5 metroko tartea egon beharko da eta bezeroen artean ere metrokoa. Gainera, tokiko ekoizle batzuk bigarren zita bat ere jarri dute egutegian: larunbat honetan Aldai plazan egongo dira 11:30etatik aurrera.
Amurrion, ohitura jarraiki, azoka bihar izango da eta segurtasun eta prebentzio neurriak ere exijitu dituzte. Esaterako, postuen arteko gutxieneko distantzia 4 metrokoa izango da, igarotzeko tarteak 6 metroko zabalera edukiko du eta erosleek metro eta erdiko distantzia mantendu beharko dute euren artean itxaroten duten bitartean.
Urduñako ekoizleek azaldu dute bertan udalak elikagaiak saltzen dituztenei baimena eman diela maiatzaren 2an azoka egiteko. Segurtasun eta prebentzio neurriak egongo dira.
Hala ere, urduñarrek adierazi dute euren asmoa ez dela bakarrik larunbatetan Foru Plazan egotea, baizik eta etxez etxeko zerbitzuari eustea: "Badago jendea ezin dena atera kalera, adibidez, eta horregatik mantenduko dugu zerbitzua alarma egoera bukatu arte".