Sei hilabeteko enplegua erregulatzeko aldi baterako espedientea ezarri nahi du Tubacexek. Hala jakinarazi zion zuzendaritzak Enpresa Komiteari asteazkenean izandako bileran.
Erregulazioa %60koa izango litzateke gehien jota. Hau da, gutxienez lanaldiaren %40 mantenduko lukete langileek. Espedienteak eragingo lioke ekoizpenaz arduratzen den langilegoaren gehiengoari. Erretiratu partzialak, aldiz, neurri horretatik kanpo geratuko lirateke.
Zuzendaritzaren proposamenak aurrera egingo balu, astez aste moldatuko lukete langileen lan jarduna, eta "aurreikusi gabeko beharrak" egotekotan 24 ordu lehenago abisatuko lituzkete beharginak.
Soldatari dagokionez, langileek euren ohiko lansariaren %70a jasoko lukete gutxienez.
Langileen ordezkariek uste dute proposamena negoziatzeko tartea izango dutela, bilera gehiago baitituzte deituta zuzendaritzarekin.