Osakidetzak gaur plazaratutako txostenak adierazi du atzo eskualdean bi herritar kutsatu berri erregistratu zirela. Gauzak horrela, eskualdean Covid-19 birusaren kasu kopurua 225era heldu da. Zehazki, kasu horiekin Aiaran 23 dira eta Orozkon 16.
Astebetean, hau da, apirilaren 10etik atzora arte, 15 gaixo izatetik 23 aitortzera igaro da Aiara. Hilaren 12an izan zen gorakadarik nabarmenena, 5 positibo jazo baitziren. Hala ere, azken 4 egunetan beste 3 gehiago izan ditu. Ondorioz, %34,78 hazi da kopurua 7 egunetan.
Hori dela medio, udalerriko populazioaren eta gaixoen taldea alderatuta, Aiara da herririk kaltetuena eskualdean eta %0,79ra heldu da batezbestekoa. Amurrio %0,62an mantentzen da eta hurrengoa da Orozko, atzoko positiboarekin %0,61era egin baitu salto. Laudiok, Urduñak eta Artziniegak %0,46ari eutsi diote eta Okondok %0,41ari.
Zenbaketa aintzat hartuta, Laudiok 86 kasu ditu, Amurriok 66, Aiarak 23, Urduñak 20, Orozkok 16, Artziniegak 9 eta Okondok 5. Urduñak eta Artziniegak duela astebete ez dutela positibo berririk izan eta Okondok ia bi aste egin ditu horrela.
"Urduñak eta Artziniegak astebetea egin dute kutsatu berririk gabe eta Okondo, aldiz, ia bi aste"
EAEko egoerari erreparatuta, 12.355 kasu topatu ditu osasun sistema publikoak; 6.868 Bizkaian, 3.194 Araban eta 2.293 Gipuzkoan. Hildakoak dagoeneko 1.020 dira, atzo baino 28 gehiago.