AZKEN DATUAK

10 koronabirus positibo berri erregistratu ditu Osakidetzak Aiaraldean

Aitor Aspuru Saez 2020ko api. 19a, 12:55

Amurrioko osasun zentroa, iragan astean eginiko argazki batean. / Aiaraldea.eus

5 kasu baieztatu zituzten atzo Urduñan, nagusien egoitzan, 3 Laudion, eta bana Okondon eta Orozkon.

Osakidetzak eguerdian zabaldu duen txostenean azaldu du atzo 10 koronabirus positibo berri detektatu zituela eskualdean. Erdia Urduñan kokatu ziren. Izan ere, Urduñako Udalak adierazi zuen moduan, 5 diagnosi osatu zituzten bertako nagusien egoitzan. Egun bakarrean, hortaz, gaixoen kopurua 20tik 25era igaro zen Bizkaiko hirian. Hau da, %25eko hazkundea.

Laudion aurkitu zituzten beste 3 kasu berriak,  eta 89 dira dagoeneko gaixoak udalerrian. Beste bi kasuak Orozkon eta Okondon banatu ziren. Orozkon 17 dira jadanik herritar kutsatuak eta Okondon 6.

Amurrio 66 kasuetan mantendu zen, eta Aiarak 23 eta Artziniegak 9 kutsaturi eutsi zieten. Horrenbestez, 235 positibora heldu da Aiaraldea. 

Atzoko 10 positiboak gorakada suposatu du azken eguneko estatistikei begira. Ostiraleko datuak %400ean areagotu ditu, eta apirilaren 2tik aurrera gertatutako hazkunde handiena izan da.

Populazioari erreparatuta, Aiarak jarraitzen du udalerririk kaltetuena izaten; %0,79 kutsatu baita. Orozkon kopurua %0,65era heldu da eta Amurriok %0,62ari eutsi dio, Urduña %58an kokatu da eta Okondo %0,49an. Laudion batezbestekoa %0,48 dago eta Artziniegan %0,46an.

EAEko atzoko joera gainditu du Aiaraldeak. Berez, Osakidetzak 214 kasu berri erregistratu zituen, aurreko egunean baino 52 gutxiago. Gauzak horrela, erkidegoan 12.569 positibo jazo dira; 7.010 Bizkaian, 3.231 Araban eta 2.328 Gipuzkoan. Atzo 42 hildako gehiago egon ziren eta kopurua 1.062era heldu da.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide