Osakidetzak atzo ez zuen Covid-19 birusaren kutsatu berririk topatu Aiaraldea osoan. Lehenengo aldia da osasun sistema publikoak egunero txostenak argitaratzeari ekin zionetik. Kasurik onenean, egunero eskualdeak kasu bakarra izan du, baina atzoko datuarekin marka berria ezarri du.
Egoera guztiz aldatu da atzotik. Izan ere, igandean EAEko kasu berrien %9,43a eskualdean jazo ostean, hau da, 5, astelehenean ez zen gaixo berririk agertu.
Horri esker, datuak ez dira aldatu zenbaketari dagokionez eta oraindik 240 postitibo dira Aiaraldean. Laudio 92 kasurekin mantendu da, Amurrio 68rekin, Urduña 25rekin, Aiara 23rekin, Orozko 17rekin, Artziniega 9rekin eta Okondo 6rekin.
Hala ere, Laudio, adibidez, jaitsi egin da postu batean EAEko herririk kutsatuenen artean. Igandeko datuekin 24. postuan zegoen eta orain 25. da. Apurka-apurka atzera egiten ari da sailkapen horretan, 18. izan baitzen martxoaren amaieran.
Osakidetzak batutako datu orokorrei erreparatuta, 182 positibo berri identifikatu zituzten atzo eta hildakoak 1.103ra heldu dira jadanik, atzo baino 22 gehiago. Guztira 12.810 gaixo daude: Bizkaian 7.155, Araban 3.294 eta Gipuzkoan 2.361.