Atzo 2 koronabirus kasu berri identifikatu zituen Osakidetzak Aiaraldean, bat Laudion eta bestea Amurrion. Horrela, Laudio 93 gaixora heldu da jadanik eta Amurrio 69 kutsatura.
EAEko udalerrien artean, Laudio da 25. kutsatuenen artean eta Amurrio, ordea, 28. postuan dago. Hala eta guztiz ere, egoera askoz okerragoan egon da Laudio pandemia hasi zenetik eta martxoaren 30ean, esaterako, 18. zegoen zorigaitzeko zerrenda horretan.
Guztira 242 positibo erregistratu dira eskualdean eta aipatutako herriak ez ezik, Urduñak 25 gaixo izan ditu, Aiarak 23, Orozkok 17, Artziniegak 9 eta Okondok 6.
Astelehenean Aiaraldeak ez zuen kasu berririk eduki, eta apirilaren 8tik soilik behin gainditu ditu 5 positibo berriak egunero. Larunbatean izan zen, Urduñako nagusien egoitzan egindako testek 5 gaixo utzi zituztelako. Egun horretan beste 5 kasu diagnostikatu zituzten; 3 Laudion eta bana Okondon eta Orozkon.
Edonola ere, grafikoan ikus daitekeen moduan, martxoko azken egunetan hazkunde larria izan ostean, apirilaren 2an goia jo zuten positiboek -20- eta gero beherantza egonkortu dira.
EAEn antzeko egoera iradokitzen dituzte datuek. Izan ere, atzo positibo gehiago detektatu bazituzten ere, aintzat hartu beharra dago test kopurua ia bikoiztu zela. Astelehenean 2.136 test eginda, 200 kasu berri topatu zituzten. Atzo, aldiz, 4.041 azterketa gauzatu zituzten eta 223 gaixo berri aurkitu zituzten soilik.
Guztira, 13.044 lagun kutsatu dira EAEn; 7.328 Bizkaian, 3.324 Araban eta 2.392 Gipuzkoan. Covid-19 birusak hildako lagunak 1.124 dira, atzo baino 21 gehiago.