10 koronabirus positibo berri erregistratu zituen atzo Osakidetzak, gehienak Laudion

Aitor Aspuru Saez 2020ko api. 26a, 13:10

Laudioko anbulatorioa atzo. / Aiaraldea.eus

10 kasu berri diganostikatu zituen atzo Osakidetzak: 7 Laudion izan ziren, beste 2 Amurrion eta bakarra Orozkon. EAEko positibo berrien %5,46 Aiaraldean izan ziren larunbatean.

Igandeko zoriontasunak, umeek aukera izan dutelako kalera ateratzeko tarte batez, ez du jarraipena izan atzoko estatistikei dagokienez Aiaraldean. Izan ere, hainbat egunez beherantzako joerarekin mantendu ostean, eskualdeak atzo 10 Covid-19 kasu berri erregistratu zituen.

EAEn 183 positibo berri detektatu zituen osasun sistema publikoak, hortaz, Aiaraldean horien %5,46 jazo zen. Gehienak Laudion izan ziren, 7. Horrela, Laudio 103 gaixora heldu da, eta erkidegoko 25. udalerririk kutsatuena da. Aintzat hartu behar da Bermeoko kopuru bera duela. Amurrion bi diagnosi gehiago egon ziren eta guztira 73 dira. Orozkon, aldiz, 18ra igo da zenbaketa. Eskualdean jadanik 259 kutsatu identifikatu dituzte ondorioz. 

Pasa den larunbatean fenomeno bera gertatu zen atzokoan, eta beherako joerak gorakada izan zuen Urduñan aurkitutako 5 koronabirus kasuen ondorioz, nagusien egoitzan. Edonola ere, atzoko emaitzek aste osokoak gainditu dituzte aurreko eguneko diagnosien zenbaketa 9 izan baitzen.

EAEn kopuruen bilakaera positiboa da, egindako testen kopurua areagotu arren, kutsatuena ez baita handitu neurri berean, eta ostiralean 348 topatu eta gero, atzo bakarrik izan ziren 183. Halaber, 1.230era heldu da hildakoen kopurua, atzo 18 lagun zendu ziren.

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide