Osakidetzak atzo Covid-19ko 26 positibo identifikatu zituen eskualdean. Asteleheneko datuetatik urrun dago kopuru hori, egun horretan ez baitzen bat bera ere erregistratu. Baina asteartean pandemiako marka guztiak hautsi zituen osasun sistema publikoak eskualdean, 51 kutsatu berriekin.
Egun batetik bestera gertatu den hazkundea ulertzeko, aintzat hartu behar da PCR eta test azkarren probak biderkatu direla apirilaren 24tik; egunero 4.000-5.000 egitetik, 10.000 baino gehiago egitera igaro dira. Horiek, gainera, talde eta toki kritikoetan zentratu dituzte batez ere, nagusien egoitzetan, esaterako. Iturri medikuek azaldu dute azken egunetan Aiaraldeko 4 egoitzetan egin direla proba mota horiek. Edonola ere, horrek ez du esan nahi positiboak toki horietan jaso direnik. Laudioko San Roke egoitzak, adibidez, ez du positibo berririk izan.
Dena den, atzoko datua, 26 gaixoena, oso altua da ere eta astearteko zenbaketak gainditzen du bakarrik. Berez, aurreko marka apirilaren 2an zegoen, 20 positibo topatu zirenean eta bi egunez jarraian gainditu da.
Gauzak horrela, jadanik 337 herritar kutsatu ditu Covid-19ak Aiaraldean. Azken 2 egunetan kopuru horren %22,84a diagnostikatu dute. Astearteko hazkundea nabarmena izan zen eskualdeko datuei dagokienez, baina EAEko positibo berrien %15,26 Aiaraldean izan ziren. Atzo, aldiz, EAEko positibo berrien %6,82a bakarrik kokatu zen eskualdean.
Herrika, Laudiok 115 gaixo ditu -EAEko 23. udalerria dakutsatu kopuruari dagokionez-, Amurriok 97, Aiarak 61, Urduñak 28, Orozkok 19, Artziniegak 11 eta Okondok 6. Azken bi egunetan igoera nabarmenena Aiaran izan da, 24 kasutik 61ra pasa baita. Laudion ere hazkundea aipagarria izan da, 104tik 115ra, eta Amurrion 73tik 97ra.