AZKEN DATUAK

Maiatzaren 1ean 6 koronabirus positibo topatu zituen Osakidetzak, aurreko egunean bezala

Aitor Aspuru Saez 2020ko mai. 2a, 12:49

Amurrioko anbulatorioa, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Osakidetzak diagnostikatu dituen Covid-19ko kasu berriak egonkortu dira eta azken bi egunetan 6 izan dira. Atzo, Laudion 4 izan ziren eta bana Amurrion eta Artziniegan.

Osakidetzak kaleratu berri duen koronabirusari buruzko txostenean argitu du atzo 6 positibo identifikatu zituela Aiaraldean. Zifra horrekin bi egunez jarraian errepikatu da kopuru berbera, apirilaren 28an eta 29an gorakada izugarria gertatu eta gero -77 diagnosi 48 ordutan-.

Edonola ere, Roberto Gonzalez Santisteban Aiaran lan egiten duen medikuak azaldu bezala, kasu horiek zaharrak ziren eta positibo berriak egonkortu dira beste behin ere.

Berez, maiatzaren 1ean eta apirilaren 30ean jazotako diagnosiak oso antzekoak dira; Laudion 4 izan ziren eta Amurrion bat. Atzo, beste bat egon zen Artziniegan eta ostegunean, ordea, Urduñan izan zen.

Aste honetan aurkitutako kutsatu berriekin 349 dira gaixoak eskualdean; 123 Laudion, 99 Amurrion, 61 Aiaran, 29 Urduñan, 19 Orozkon, 12 Artziniegan eta 6 Okondon.

Azken egunetan EAEn test azkarrak eta PCR analisiak biderkatu ostean, atzo murriztu ziren erdira. Izan ere, apirilaren 30ean 11.000 baino gehiago egin ziren eta atzo ez ziren 6.000ra heldu. 

Autonomia erkidegoan 16.119 dira kutsatuak guztira; 9.180 Bizkaian, 4.167 Araban eta 2.772 Gipuzkoan. Hildakoen kopurua 1.321 da, atzo baino 9 gehiago. Ospitalean dauden herritarrak 504 dira, aurreko eguneko baino 37 gutxiago, eta zaintza bereziak behar dituztenak, ordea, 91 -4 gutxiago-.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide