Aiaraldean Osakidetzak topatutako positibo berrien grafikak behera egin du berriro modu nabarmenean eta atzo soilik 6 kutsatu berri detektatu zituzten. Dozena erdi kasu horien alboan, ezberdintasuna bistakoa da asteazkenean eta asteartean topatutako kasuekin. Izan ere, 51 eta 26 gaixo berrirekin, 77 gaixo azaleratu zituen osasun sistema publikoak 48 ordutan. Hau da, pandemia osoko %22,84.
Roberto Gonzalez Santisteban medikuak asteazkenean azaldu zuen gorakada horren arrazoia zela koronabirusa jadanik igaro duten herritarrei egin zaizkiela testak. Aiaran lan egiten duen osasun profesionalak argitu zuen benetako positibo berriak oso urriak direla eta datuak bide onean daudela.
Hortaz, analitika fase hori gaindituta, aurreko asteko kopuruetara itzuli da eskualdea, gutxi horabehera; 4 Laudion eta bana Urduñan eta Amurrion. Berez,atzoko kopurua oraindik apur bat gainetik dago, aurreko asteari dagokionez, baina aintzat hartu beharra dago egiten diren testen kopurua areagotu dela eta atzo, esaterako, EAEn 11.000 proba baino gehiago gauzatu zirela.
Horrela, Aiaraldea 343 kasura heldu da. 119 Laudion, 98 Amurrion, 61 Aiaran, 29 Urduñan, 19 Orozkon, 11 Artziniegan eta 6 Okondon.
EAEn 15.969 kutsatu erregistratu dira jadanik, atzo 450 gehiago. Hortaz, eskualdean topatutakoak oso gutxi dira kopuru horri erreparatuta. Atzo 16 lagun gehiago hil ziren eta dagoeneko 1.312 zendu dira. Ospitaletan 541 pertsona daude, 17 gutxiago 24 ordutan, eta zaintza bereziko unitateetan 95, hau da, 2 gutxiago.