AZKEN DATUAK

Maiatzaren 11n positibo bakarra topatu zuen Osakidetzak Aiaraldean

Aitor Aspuru Saez 2020ko mai. 12a, 18:15

Atzo poliziak esku hartu zuen Laudion, terrazetako jende kopurua dela eta. / Aiaraldea.eus

Amurrion agertu zen atzo koronabirus kasu berria. 48 ordutan bakarra izan da, igandean ez baitzen egon kutsatu berririk.

Atzo indarrean sartu zen EAEn konfinamendua atzean uzteko 1. Fasea eta COVID-19ko positibo berri bakarra azaleratu zuen Osakidetzak Aiaraldean, Amurrion, hain zuzen. 

Gauzak horrela, udalerri horrek 106 kutsatu erregistratu ditu pandemia osoan eta eskualdeak, guztira, 372 detektatu dira. Laudiok jarraitzen du izaten kopuruari dagokionez tokirik kutsatuena 134 gaixorekin eta, Amurrioz gain, hurrengoak dira zenbaketak: Aiarak 62 positibo izan ditu, Urduñak 30, Orozkok 22, Artziniegak 12 eta Okondok 6.

Pasa den astean 22 kasu berri besterik ez zuen detektatu osasun sistema publikoak Aiaraldean, aurrekoan 91 topatu ostean. Printzipioz, eskualdea deseskaladaren 1. Fasean dago eta atzo nabarmena izan zen hainbat herritan.

Esaterako, Laudion Ertzaintzak eta Udaltzaingoak Zubiko Kurajon irekirik zegoen taberna bakarrari jakinarazi zioten terrazan behar baino jende gehiago zuela eta hurrengoan isuna jarriko diotela. 

EAEri dagokionez, 131 gaixo berri erregistratu zituzten eta 4.416 laguni egin zizkieten testak. Erkidegoan 17.840 dira osasun sistema publikoak aitortu dituen gaixoak; 10.119 Bizkaian, 4.710 Araban eta 3.011 Gipuzkoan. 364 herritar oraindik ospitalean daude, horietako 71 ZIUn. Atzo 6 pertsona gehiago hil ziren eta zendutakoen kopurua 1.429ra heldu da.

 

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide