Irekiko al dira udako igerilekuak? Galdera hori eskualdeko hainbat jenderen ahotan egon da azken asteetan. Iragan astean erantzunaren zati bat eman zuen Eusko Jaurlaritzak, igerileku-instalazioak ireki eta mantentzeko irizpide sanitarioen txostena plazaratuta. Dokumentu horrek dioena horrela laburbildu daiteke: igerilekuak ireki ahalko dira, baina osasun irizpide zehatz batzuk jarraituta. COVID-19aren aurkako kontingentzia plan bat egin beharko da horretarako, eta osasun agintariei bidali.
Urduñan, ekainaren 26tik aurrera
Gauzak hala, udalen esku dago orain igerilekuak noiz eta nola ireki zehaztea. Urduñako Udalak hartu du dagoeneko erabakia: ekainaren 26an irekiko dira hiriko igerilekuak. Taberna, aldiz, hilaren 12tik aurrera egongo da zabalik. Bainatzeko toki kopurua mugatuko dute, baina igerilekuen inguruko zelaietako sarbidea ez dute mugatuko, segurtasun distantziak mantentzeko espazio nahikoa dagoelako. Kanpoko dutxak irekita egongo dira, baina barrukoak ez, EUDELen irizpideei jarraiki.
Laudio eta Amurrioko Udalek ez dute oraindik ezer zehaztu. “Lanean ari gara. Zer edo zer zehaztua dugunean jakinaraziko dugu”, azaldu dute. Antzeko erantzuna eman du Okondoko Udalak ere. Hala adierazi dio Jon Escuza alkateak Aiaraldea hedabideari: “Igerilekuak ireki daitezkeela ikusten badugu hala egingo dugu, baina lehentasuna herritarren ongizatea da. Osasun aldetik arriskurik egon daitekeela ikusten badugu ez ditugu irekiko”. Orozkon badute igerilekuak irekitzeko asmoa, eta aplikazio bat baliatuko dute toki kopurua kontrolatzeko.
Artziniegako udal igerilekuak, aldiz, obretan daude. Udalak azaldu duenez,COVID-19aren krisiak lanak atzeratu ditu. Hala ere, ekainaren amaierarako amaituak egotea espero dute. Orduan baloratuko dute irekiko dituzten. Aiarako igerilekuak ere obretan daude. Kasu horretan ere, behin lanak amaituta baloratuko dute nola ireki.