Prentsa-oharra plazaratu du Aiarako Kuadrillak, Alarma egoerak iraun duen hilabeteetan nola jardun duen azaltzeko.
Encina Castresana presidentearen esku egon dira kuadrillaren eskumen guztiak maiatzaren 12tik gaur arte. Hala erabaki zuen gobernu batzordeak, “bilerak egitea ezinekoa zelako Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak ezarritako prebentzio-neurriekin”.
Era berean, Kuadrillako langileei “tresna profesionalak” erraztu dizkietela nabarmendu dute erakundeko ordezkariek, “euren lana normaltasunez egin ahal izan dezaten, telelanean”.
Eskualdeko Enplegu Planean (PECO) kontratatutako langileei, aldiz, behin behinean eten diete euren jarduna, “prebentzio neurri gisa”; baina jada lanean daude berriz, oharrean argitu dutenez.
Desinfekzio lanak
Horrez gain, zabor kudeaketan hainbat pauso eman dituzte, adierazi dutenez. Edukiontzien garbiketa zazpi astez indartu dute, “langile bat gehiagoren eta bigarren kamioi hidro-garbitzaile baten laguntzarekin”. Horrez gain, hondakinen bilketaren maiztasuna areagotu dute zenbait puntutan, zabor gehiago sortu delako itxialdian. Koronabirusaren aurkako prebentzio neurrien barruan kokatu dituzte neurri horiek eta, ildo berean, norbera babesteko ekipamenduak eman dizkiete hondakinak bildu eta tratatzeko zerbitzuan aritutako beharginei.
Beste jarduera batzuk, aldiz, bertan behera geratu dira, aurrez aurre egin behar zirelako. Adinekoen Eskualdeko Topaketa da horietako bat. Hala ere, Kuadrillak ziurtatu du gehienak formatu birtualera egokitu direla, eta gainerakoak beharrezko segurtasun eta osasun baldintzak betetzen direnean egingo direla.
Horrez gain, Kuadrillak Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean dihardu hainbat proiektutan: Ayudasarabacovid19.eus atariaren eguneraketan eta ekonomia suspertzeko egitasmoetan, besteak beste.
Turismoaren alorrean, aldiz, “laguntzen, protokoloen eta hainbat araudiren berri” eman diete eskualdeko enpresei.
Arkitektoen kontratazioa
Arkitektoaren kontratazioa ere aipatu dute oharrean, oposizioko zenbait taldek (Okondo Aurrera, Omnia eta Aiara Batuz) eginiko adierazpenei erantzunez: “Aparejadore eta arkitektoen kasuan, ordea, epai judizialek eragindako egoeraren ondorioz, beharrezkoa izan da alorraren azterketa sakon bat egitea, Laudioko eta Amurrioko udalei zerbitzu osagarria eskaintzeko premia dela eta”.
Eskerrak langileei
Encina Castresanak eskerrak eman nahi izan dizkie kuadrillako langileei, “eginiko ekintza guztiak garatzea ezinezkoa izango litzatekeelako euren inplikaziorik gabe”.
Ohiko funtzionamendura itzulera
Kuadrillako presidenteak jakinarazi du eskumenak gobernu batzordera itzuli direla dagoeneko eta,modu horretan, informazio-batzordeak, gobernu-batzarrak eta osoko bilkurak deitzeari ekingo diotela berriz, “osasun agintarien jarraibideak betez betiere”.
Oposizioko taldeek eginiko kritikei erantzun die Castresanak: “Ez dugu ezer ezkutatzeko, baina bai lan asko egiteko, eta hori da gure lehentasuna, berrikuntza eta lana, Aiara zerbitzuetan punta-puntako eskualdea izan dadin”.
Bukatzeko, martxoaren 17tik maiatzaren 12ra arte onartutako dekretuak zerrendatu ditu Kuadrillak prentsa-oharrean.