Uda bitxia izango da aurtengoa, koronabirusa ekiditeko segurtasun neurriengatik batik bat. Agertoki horretan egin behar izan dute tokia eskualdeko zenbait eragilek. Batzuek euren jarduerak eten behar izan dituzte. Beste batzuek, berriz, garai berrietara formatu aldaketarekin egin dute salto.
Ezbairik gabe, nabarmen eragin du COVID-19ak udako jardueren antolaketan. Akanpadak, abentura irteerak... Orotariko ekintzak eskaini izan dira orain arte bailaran. Alabaina, “oztopo” ugari topatu dituzte ohiko moduan gauzatzeko.
Mendiko Lagunakek eta Amurrio Aisia Skaut Taldeak, esaterako, euren zeharkaldiak baztertu dituzte. Jorge Menoyo Amurrio Aisia Skaut taldeko kidearen hitzetan, legearen trabek eragindako erabakia izan da nagusiki: “Elkartea garenez, gure sarrera gehienak diru-laguntzak eta familienak dira, eta ezin ditugu eskatutako segurtasun neurriak bermatu”.
Elkarte batzuek bertan behera utzi dituzte udarako aurreikusitako jarduerak, segurtasun neurriak betetzeko baliabide ekonomiko nahikorik ez dutelako
Akanpalekua prestatzen dute urtero, zelai bat alokatuta. “Garbiketa neurri zorrotzak, musukoak... Oso neurri zorrotzak dira bete beharrekoak, eta ezin ditugu uneoro bermatu komunen garbiketa edo horrenbeste gel hidroalkoholiko erostea”, dio. Horrez gain, “arrisku egoeran dauden pertsona” asko dituzte taldean, eta ekimena gauzatzeak horietako batzuk alboratzea suposatuko lukeenez, nahiago izan dute atzera bota.
Garraioetan ere ez ohiko irudiak utziko ditu aurtengo udak. Izan ere, musukoak erabiltzeaz gain, autobus bikoitzak eskatu beharko dituzte antolatzaileek, “eta bi autobus guretzat garestiegi dira”, erantsi du amurrioarrak. Kanping dendak dira euren ezaugarrietako bat, eta lo lekua ere aldatu beharko lukete jarduerari eusteko: “Akanpalekuetako dendetan pertsona bakarra sartu ahalko da. Beraz, txikiak kanpo geratzen dira, beldurragatik ezingo lukete eta”.
Jorge Menoyoren aburuz, 42 urte daramatza taldeak udako jarduerak antolatzen: “Boladaka doa, baina bataz beste 80 lagun joan ohi dira akanpadara, 22 monitore”. Aurreratu duenez, ikasturteari amaiera emateko ekintzaren bat antolatzera mugatuko dira hilabeteotan.
Kirol eskaintza
CD Laudiok, multikirol udalekuak antolatuko ditu uztailaren 6tik aurrera, eta Laudio Tenis Klubak 4 orduko udaleku irekiak. Andoni Agirretxe arduradunak azaldu du “aurreko urteetako arrakasta ikusita” egokitu direla egungo egoerara: “Beti izan ditugu talde txikiak, beraz, ez dugu arazo handirik topatu". 8-10 laguneko taldeak osatuko dituzte: “Hau gure hirugarren urtea da. Lehenbiziko urtean 4 begiralerekin hasi ginen, eta orain maximoan gaude, 60 lagun eta 6-7 entrenatzailerekin”.
Eskualdeko haur eta hezitzaileak dira partaide gehienak, Agirretxeren aburuz: “Gehienbat Laudiokoak dira baina badira Amurrio, Luiaondo, Murga eta Artziniegako umeak ere. Entrenatzaileak ere eskualdekoak dira”. Bost orduz elkartuko dira egunero Gardeako tenis pistan: “Bi orduz egongo gara tenisean, kirol anitzetan bat eta ingeles klaseetan beste bat. Horrez gain, batzuetan padela eta herri kirolak eskainiko dizkiegu”. 9:00etatik 14:00ak arte elkartuko dira Laudion.
Rock udalekuak
Orozkon, berriz, formatu berri bat abiatu dute: Udarock. 7-16 urte artekoentzat kultur udalekuak izango dira Olabarri Andikoa auzoko baserri batean garatuko dituztenak. Xitxo Yantani bateria-jotzaile zein Eriz Perez gitarra-jotzaileak gidatuko dituzte saioak. “Orain arte Bilborocken egiten ziren, baina aurten Orozkon izango dira”, azaldu du Eriz Perezek. Astebeteko txandetan musika taldea sortzen saiatuko dira, “eta abestiren bat jotzen”.
Natura eta sorkuntza erdigunean jarriko dituzte, sustatzaileen esanetan: “Udalekuen helburua rockaren inguruan ekintza ezberdinak egitea da. Adibidez, Xitxok perkusioa irakatsiko die, munduko perkusioak eta horrelakoak jorratuko ditugu. Nik, berriz, armonia eta talde lanak egingo ditut”. Jolasarekin bateratuko dute goiza.
Esperimentu berria izanagatik, hiru asteko jarduna aurkeztu zuten, eta dagoeneko bi txanda bete dira: "Esperientzia pilotua izatea nahi dugu, eta hurrengo urteetan egurra ematea”.
Udal jarduerak
Kultur, kirol edo hezkuntza eragileetatik harago, eskualdeko udalek ere plazaratu dituzte uztaila eta abuzturako euren programazioak. Erakunde guztiek azpimarratu dute segurtasun eta osasun baldintzak zorrotz beteko dituztela.
Urduñak 4 jarduera egingo ditu, baita gazteentzako irteerak ere. Zehazki, Sopuertabenturara, Sobronera eta paintball zelaira izango dira txangoak, baina 10-16 urteko gazteei zuzenduta egongo dira soilik.
Artziniegan, berriz, "udako gazte ekintzak" planteatu dituzte. Astelehenetik ostegunera luzatuko dute plangintza, 10:00etatik 12:00etara."Parte hartzaileek jarduerak egin bitartean prebentzio neurriak bete beharko dituzte", oharrean zehaztu dutenez. Natura-ingurunea ezagutzea eta euskararen erabilera giro informalean sustatzea izango dute helburu. Hargatik, uztaileko astearteetan bisita gidatuak eskainiko dituzte, eta ostegunetan Artziniegako ibilbideetan barrena arituko dira. Ortugintza, jolasak eta ping-pong txapelketa ere txertatu dituzte eskaintzan.
Arrankudiaga-Zollon “aisialdiko jarduerak” osatu dituzte, ohiko udaleku irekien ordez. Txutxi Ariznabarreta alkateak jakinarazi duenez, uztailaren 2tik 17ra izango dira 3-13 urte bitartekoentzako ekintzak, 10:00etatik 13:30era.
Segurtasun distantziak bermatzeko beharraren ondorioz, ohikoan baino pisu gehiago izango dute aire librean garatutako jarduerek
Amurrion, "Kultur tantek" bustiko dute uda, zenbait jarduerari esker. Horien artean daude zinema, kontzertuak eta antzerki emanaldiak. Hain zuzen, ostegunero antolatuko dute ekitaldiren bat. Aurreratu dutenez, abuztuan "Amurrio's got talent" programa egingo dute.
Laudion, aldiz, udalak ez du udalekurik egingo, baina "Kultuda" ekimena abiatu du tokiko erakundeak uztailean. Hala, ostiral eta larunbatetan emanaldiak lotu ditu udalak. Zehazki, ostiraletan zinema aterako dute kalera, eta larunbatetan bestelako arte diziplinak: magia ikuskizunak, kale antzerkiak, kalejirak edota kontzertuak. Guztiak, baina, kalean eta espazio irekietan gauzatuko dira.
Orozkon, Okondon, Arakaldon eta Aiaran ez dute aparteko programaziorik prestatu. Informazio eguneratua Aiaraldea.eus webgunean egongo da eskura.
Natura, jolasgune
Julen Reketa mendi gidariak “Ur-muga” proiektua jarri du abian, Euskal Herria mendirik mendi zuzeneko musika kontzertuekin uztartzeko egitasmoa. 19 eguneko zeharkaldia izango da, eta Aiaraldea izango du abiapuntu. Hain zuzen, lehen etapan -uztailaren 14an- Angulo eta Urduñako portuak lotuko dituzte 7-8 orduko ibilaldian. Tartean, Urieta, Eskutxi eta Iturrigorri tontorrak zapalduko dituzte. Gainera, Iturrigorriko puntan kontzertua eskainiko dute Maider Zabalegik, Flaviok eta Hari laukoteak.
Kokoriko Hezkuntza Faktoriako kideek Laudioko basoa hautatu dute udalekuak eskaintzeko.