9 positibo utzi zituen COVID-19 birusak atzo eskualdean, Artziniegan horietako 5

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko abu. 25a, 12:43

Artziniegan 5 kasu berri agertu dira, eta ondorioz, familia unitate asko daude konfinatuta. / Aiaraldea.eus

Artziniegan, Amurrion eta Arrankudiaga-Zollon agertu dira koronabirusaren kasu berriak, Osakidetzaren txostenaren arabera. 558 dira guztira Aiaraldean gaur arte kutsatutako bizilagunak.

Abuztuaren 24ak 9 gaixo berri utzi ditu eskualdean, koronabirusaren pandemia medio. Artziniegan jaso dira kasu gehien, 5 hain zuzen. Amurrion 3 lagun kutsatu dira, eta Arrankudiaga-Zollon bat. Azpimarratzekoa da, baina, lehenbiziko eria dela Arrankudiaga-Zollokoa. Horrenbestez, Arakaldo da gaur arte COVID-19 birusa baieztatzeko testetan positiborik plazaratu ez duen Aiaraldeko herri bakarra. 

Asteburuko gorakada "etenda"

Asteburuan 13 kasu baieztatu ziren bailaran. Artziniegan agertu zen horietako bat, eta PCR frogak egin ostean, 5 positibo gehiago artatu behar izan ditu osasun sistema publikoak. Hargatik, udaletik birusaren hedapena gelditzeko maskara janzteko, distantzia gordetzeko eta eskuak ondo garbitzeko deia zabaldu dute :"Zaindu gaitezen, guztion artean lortuko dugu. Prebentzio neurriak betetzen baditugu ez daukagu zertaz kezkatu".

Laudion eta Amurrion azken egunetako goranzko joera eten da: asteburuan 5 eta 4 herritar gaixotu ziren herri horietan, hurrenez hurren. Orozkon, Aiaran eta Urduñan, berriz, kasu bana agertu ziren atzo plazaratutako asteburuko emaitzen txostenean, baina dirudienez ez da birusa gehiago hedatu herri horietan.

Gauzak horrela, herrika Aiaraldean pilatutako positiboen kopurua ondorengoa da pandemia hasi zenetik:

  • Laudio: 223
  • Amurrio: 148
  • Aiara: 71
  • Urduña: 50
  • Okondo: 8
  • Orozko: 30
  • Artziniega: 27
  • Arakaldo: 0
  • Arrankudiaga-Zollo: 1
  • Aiaraldea: 558

Bestalde, EAEri dagokionez, 477 positibo gehitu zaizkio koronabirusaren zerrendari. Atzoko egunez Araban 55 kasu berri agertu ziren, eta Bizkaian 271, orotara 5.669 PCR test egin zirelarik erkidegoan. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide