ERREPORTAJEA

Arreta gehiago behar du Lehen Arretak

Txabi Alvarado Bañares 2020ko urr. 8a, 08:00

Elkarretaratzeak egin zituzten irailean eskualdeko osasun zentroen aurrean. / Antonio Muñoz

Pandemia baten erdian egon arren, ohikoan baino giza baliabide gutxiago dituzte uneotan Aiaraldeko hainbat osasun zentrotan. Urduñan, adibidez, mediku bakarra egon da lanean, bajak ordezkatu ez direlako. Eskualdeko bi osasun langilerekin hitz egin dugu egoeraren inguruan. 

Bi hitz baliatu ditu Maria Jose Ibars Cervera medikuak Lehen Arretako egoera deskribatzeko: “jasangaitza” eta “kaotikoa”. Amurrioko osasun zentroan lan egiten du berak, eta goitik behera ezagutzen du eskualdeko egoera. “Hamaika familia mediku gaude Urduña, Amurrio, Arespalditza, Luiaondo eta Artziniegako zonaldean”, azaldu du, eta oraingo egoera zein den deskribatu du: “11 medikutik hiru bajan daude, horietako bi Urduñan. Gauzak hala, hiri horretan mediku bakarra egon da lanean orain dela gutxira arte. Orain ordezko bat sartu da, baina ez dakigu noiz arte egongo den”.

Urduñako Udalak oharra plazaratu zuen iragan astean hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari osasun langile gehiago bideratzea eskatzeko. “Ez genuen uste gure oharrak horrenbesteko oihartzunik izango zuenik”, azaldu du Itziar Biguri alkateak, “irratitik eta telebistatik deitu ziguten elkarrizketak egiteko. Guk gure kezka adierazi baino ez genuen egin. Izan ere, Urduñan nagusien egoitza bat dugu, eta bertako erabiltzaileek zerbitzu medikoa baliatzen dute”. 

Gainontzeko udalerrietan ere behar baino giza baliabide gutxiagorekin ari dira lanean,  Ibars Cerverak argitu duenez: “Artziniegako medikua isolatuta dago, COVID-19a izan zuen pertsona batekin kontaktua izan zuelako. Amurrion beste mediku bat dago osasun arazoengatik pazienteak tratatu ezin dituena. Beste bik 60 urte baino gehiago dituzte eta, horregatik, ezin dute koronabirus kasurik artatu. Gauzak hala, lau pertsona gaude ehuneko ehunean, denetarik egiten”.

Ohikoan 11 mediku daude Urduña, Amurrio, Arespalditza, Luiaondo eta Artziniegako zonaldean. Orain, aldiz, gutxiago dira, hainbat gorabehera medio 

Elkar ordezkatzen

Gainera, mediku askok oporrak hartu behar izan dituzte, pandemiaren une gorenetan ezin izan zituztelako hartu. “Beharrezkoak dira oporrak, funtsezkoa da atsedena hartzea”, aldarrikatu du  Ibars Cerverak, baina ordezkapenak “tantaka” iristen direla salatu du. “Ez dago ordezkorik eta, ondorioz, gure gain hartu behar ditugu bajan edo oporretan dauden lankideen pazienteen jarraipena”. 

Roberto Gonzalez Santiesteban medikuak ere Aiaraldean egiten du lan. Bat egin du Ibars Cerveraren adierazpenekin, eta lan-karga asko handitu dela gaineratu du. “Erizain eta medikuntzako langile guztiak egunero pasatzen gara COVID gunetik koronabirusak infektatutako herritarrak presentzialki sendatzera: beharrezko PCR frogak egitera, jarraipena behar duten gaixoekin egotera eta abar”, azaldu du, “lehen sukarra zuen jende gehiena ez zen osasun zentrora bertaratzen, bizitza normala jarraitzen zuten. Orain, aldiz, protokoloak aktibatu egiten dira, eta pazienteari zein bere ingurukoei jarraipen klinikoa egin behar zaie”.

Burokraziaren zama

Bada lan asko ematen duen faktore nagusia, medikuen iritziz: burokrazia. “Mota guztietako txostenak egin behar ditugu: aldundiak eskatzen dituenak, udalarenak, gidabaimena atera behar dutenenak...”, hasi da Ibars Cervera zerrendatzen, “egiaztagiriak, bajak, altak... hori dena guk egin behar dugu. Saiatzen gara lan hori beste toki batzuetara bideratzen, baina eskumenak guk soilik ditugunez, gure gain geratzen dira beti. Kolonoskopia bat egiteko bederatzi dokumentu bete behar ditugu, adibidez”.

Gonzalezek honako kalkulu hau egin du: “Esango nuke gure lanaldiaren %30 tramiteak egitera bideratzen dela”. 

Dokumentazio lanek denbora asko eskatzen dutela salatu dute medikuek, eta zeregin horiek egiteko administrazio langile gehiago behar direla nabarmendu dute

Lan-kargaren arriskuak

Lan-karga horrenbeste handitzeak ez du langilea soilik kaltetzen. “Arriskutsua ere izan daiteke”, ohartarazi du  Ibars Cerverak, “gure agendetan 35 ekintza jartzeko tokia dugu, frogatua dagoelako ekintza gehiago eginez gero ez dugula ondo lan egiten. Pazientea ez dago seguru, akatsak egiteko aukerak ugaritzen direlako. Uztaila eta abuztuan 9 ordu lan egiten egon gara, eta egunean 55-60 pertsona artatu ditugu”. 

Gainera, bestelako zereginak dituzte, “ikusten ez direnak”: analitikak aztertzea, errezetak berrikustea, telefono bidezko jarraipenak egitea... Pazienteekin egotera bideratutako denbora nabarmen murrizten die horrek medikuei. “Jendeak uste du kontsultan ez bagaude ez gaudela lanean, eta ez da hala. Niri pila bat gustatzen zait nire lana eta pazienteak artatzeko behar beste denbora hartzea. Asko amorratzen nau herritarrak behar bezala artatzeko aukerarik ez izatea. Sare sozialetan ikusi daiteke jende asko haserre dagoela, uste dutelako lan gutxi dugula, baina ez da egia. Mina ematen du jendeak ezer egiten ari ez garela pentsatzeak”. 

Eskualdeko osasun zentroetako lan-karga nabarmen handitu da pandemia hasi zenetik

Arazo estrukturala

Hala ere, arazoa pandemiatik harago doala uste dute medikuek. “Belaunaldi aldaketa egiteko jendea” falta dela uste du Ibars Cerverak: “Profesional asko zaharkituak daude, asko datozen urteetan erretiratuko gara eta ez dago belaunaldi aldaketarik. Badaude medikuntza ikasketak amaitu dituzten pertsona nahikotxo, baina MIR espezialitatean plaza gutxi daude, familia medikuentzako, adibidez”.

Gauzak hala, plaza kopurua handitzea soluzio bat izan daitekeela uste du Amurrioko medikuak, “baina horretarako dirua behar da, noski”. 

Beste soluzio bat administrazio langile gehiago kontratatzea izango litzateke, dokumentazio-lan guztia arintzeko. “Modu horretan, medikuek denbora gehiago izango genuke egin behar duguna egiteko: medikuak izan”. 

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide