Nola bizi izan dute haur, nerabe edo hezitzaileek ikasturte hasiera? Neurri ugari hartu dira heziguneetan koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz. Hargatik, "zalantzak, beldurrak, segurtasun neurriak eta protestak tarteko", Oinherrik (Kokoriko Hezkuntza Faktoria kide den Herri Hezitzaileak sustatzeko elkarteak) berriz jarri du fokua haur eta nerabeengan. Musuko eta muturreko segurtasun neurrietatik harago, bestelako urratsak emateko beharra azpimarratu dute oharrean.
"Gora Haurtzaroa" egitasmoaren baitan, haur zein gazteen eskubideen defentsa aldarrikatu zuten duela 5 hilabete. Hala, "lagun goseari erantzun eta gizakiok dugun sozializazio premia horri erantzuteko" beharra islatu zuten.
Administrazioaren "axolagabekeriak", ordea, helduen burugabekeriak pairatzera eraman ditu belaunaldi berriak, Oinherrikoen iritziz: "Agintari batzuen axolagabekeriaz aritu gara, ikastetxeen beharrak aztertu ditugu, irakasleen eta hezkuntzan lanean ari diren profesionalen eskubideak bermatzea aldarrikatu dugu, gurasoen kezkak aditu ditugu, baina pasa den ikasturtean, ezer ikasi ez bagenu bezala, haurrak ahaztu ditugu berriz ere".
Haurrak, maskarak medio, "guztiz ulertzen ez dituzten neurri eta arau berriz inguratuta itzuli dira ikastetxeetara, beren lagunak besarkatzeko baimenik gabe". Sistema okertzat jo dute, halaber, haurrak eta zaurgarrienak diren subjektuak erdigunetik zokoratzea, zaintzan eta elkarren heziketan oinarritutako komunitateak sendotu ordez. Ildo beretik, ingurune natural eta kulturala ikas eremuetan txertatzearen garrantziaz mintzatu dira oharrean.
Alta, beldurra nagusitu den garaiotan, "ikaragarrizko ahalegina" egiten dabilen hezitzaile taldea dago: "Maitasunetik, zaintzatik. Baina baliabideak falta zaizkigu, nola bermatuko dugu zaintza hau goitik datozen baldintzak oztopo badira? Zein tarte emango diegu ikasleen emozioei? Etxetik atera gabe hilabeteak pasa ondoren, zenbat denbora eskaini diogu ikasleen arteko harremanak berrartzeari? Dituzten zalantzak argitzeari? Dituzten beharrak asetzeari?".
Aisialdian eta hezkuntza ez formalean ere, antzera
"Hezkuntza ez formala zein aisialdia zertan gelditzen den ere behatu beharrekoa da. Hezkuntzaz ari garenean, ikastetxeez soilik gogoratzen garelako beste behin ere". Eskolaz kanpoko kirol jarduerak, kultur ekintzak, ikastaroak, ludotekak, gaztelekuak... bertan behera geratu dira toki askotan, eta haur eta nerabeen heziketaren parte garrantzitsua dira, Oinherriko kideen esanetan.
Euskara ere kinkan jarri du COVID-19ak, askoren euskarazko arnasgune bakar baitira ikastetxeak edota euskara erdigunean jartzen duten aisialdi egitasmoak. "Euskal herritarron arteko hizkuntza arrakala areagotu aurretik, horri erantzuteko neurriak hartzea ere behar-beharrezkoa izango da", iradoki dute.
Zentzu horretan, eredugarriak izan daitezkeen jarrerak goraipatu dituzte: "Ikasgelak inguru naturalera irekitzeko lanean ari direnak, eskolak herrira irekita herriko jolasgune eta parkeak hezigunearen parte bihurtzen ari direnak, haur eta nerabeen beharretan ardaztutako aisialdi hezitzailea garatzen ari direnak, krisi guzti honen aurrean bestelako hezkuntza eta herri eredu baterako aukerak ikusten dituzten langile, familia eta herritarrak... Eskerrik asko zuei!".
Osasuna eta duintasuna lehian ez jartzea eskatu dute, halaber, elkarri lagunduta eta haurrak eta nerabeak behingoz komunitateetako kide bezala aitortuta, "erabakiguneetan sartu eta ikasturte berri honetan, haurren eta nerabeen kultura, partehartzea, euskara, aniztasuna eta gure ingurune natural eta kulturala aintzat hartuta, eskola herritar eta herri hezitzaileen bidean urrats berriak ematen".