"22. Korrika 2022. urtera atzeratu dugu. Erabaki latza, euskararen aldeko ekitaldirik jendetsuena eta zirraragarriena ez dugulako orain izango", aitortu du Asier Amondok, Korrikako arduradunak.
Berez, bi urtero behin ospatzen den egitasmoak helburu ekonomiko zehatza dauka, AEKko euskaltegietako lana indartzea, "eta atzeratzeak kalte egingo dio lan horri, zalantzarik ez".
Atzeratzeko arrazoiak
Edizio berriaren prestaketan luze jardun dute, testuinguru berriari begira: "Aitortu behar dugu 22. Korrika abian jartzeko asmoa genuela, uda aurretik genioen 2021eko martxoan errepidera aterako ginela; baina azkenean, atzerapenaren behin-betiko erabakia hartu dugu".
Pandemia dela-eta erabaki dute data aldatzea: "Epe motz-ertainean ez dirudi egoera kontrolpean egongo denik. Korrikaren atzerapenak hutsunea sortuko du, baina Korrika bera horren garrantzitsua izanik, beharrezkoagoa da denok desiratutako baldintza hobeetan egitea. Ez dugu Korrikaren ordezko eskas bat nahi, denbora gehiago hartu nahi dugu normalitate berria nondik nora joango den ikusteko; eta ondo bidean, 2022. urteko udaberrian iritsiko gara Korrikara".
Lekukoaren dinamika ezak, ordea, ez ditu geldiaraziko. Hala, Euskaraldiko bigarren edizioan parte hartzeko deia luzatu diote Korrikazale orori.
Kolpe ekonomikoa eta soziala
Ekonomikoki ez ezik, sozialki ere utziko du hutsunea Korrikak, Asier Amondoren aburuz: "Hori dela eta, edizio guztietan egiten dugun bezala, azpimarratu nahi dugu ezinbestekoa dela helduen euskalduntzea bizkortzea eta inbertsioak areagotzea, Euskal Herri osoak behar-beharrezkoa du eta".
Administrazioei euskaltegietara baliabide gehiago bideratzea eskatu diete, ildo beretik. "Alabaina, berretsi egin nahi ditugu AEKko kide guztion konpromiso eta lana. Oso gogorra izan da atzeratzeko erabakia hartzea, zinez, baina ziur gaude goiari helduko diogula, eta Korrikara inoiz baino indartsuago itzuliko garela", ziurtatu dute.
Horrenbestez, lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute, Euskalgintzan eta bestelako proiektuetan.
2020ko edizioak ondorengo irudiak utzi zituen Aiaraldean, besteak beste: