Aiaraldea Hedabideak dokumentala ekoitzi du, Emakunderen dirulaguntzari esker. Urrian abiatu zen proiektua grabaketa lanak medio, eta eskualdeko hainbat emakumek jasandako edo bizitako genero indarkeria kasuak izan dituzte hizpide.
Hala, orotariko gaiak jorratu dira ikus-entzunezkoan: sexu abusuak, jazarpen edo gutxiespenak, indarkeria fisiko eta psikikoa, gazteen arteko jarrera matxistak eta beste. Helburua, eguneroko errealitateak mahaigaineratzea da, eta zapalkuntza horien aurrean "ahalduntzea" lortu duten emakumeen errelatoei bide ematea.
Dokumentala azaroaren 24an estreinatuko da, 20:00etan, Aiaraldea.eus atarian
Macarena Leonek, esaterako, 13 urtez jasandako biolentzia eta "libre eta zoriontsu" bizitzeko gauzatutako ahalduntze prozesua kontatu ditu; eta Irune Egigurenek unibertsitate ikasketetan indarkeria matxista pairatu duten emakumeekin egindako lanaren ondorioak azaldu ditu. Leire Sanjurjok, berriz, jai giroan zein gazteen espazioetan (udaleku zein gaztelekuetan kasu) ematen diren erasoak izan ditu ardatz.
Dena den, bestelako gaiak ere barne hartzen ditu lanak: Gentzane Aldai, esaterako, pilota munduan sentitutako jazarpen zein gutxiespenez mintzatu da. Ludi Temiñok, aldiz, Berriak supermerkatuetako emakumeen lan gatazkaren garaipenaren esperientzia partekatu du, lan munduko botere harremanak edota akordioetarako aukerak bistaratuz.
Maddalen Muguruza Aiaraldeko Mugimendu Feministako kideak azken urteetan egindako lana eta neska gazteen artean jasotako lekukotzak izan ditu hizpide, besteak beste. Zentzu horretan, iaz osasun zentro batean jazotako sexu abusuaren kasua azaldu du erasoaren protagonistak, baita horrek eragindako gorabeherak nola gainditu azaldu ere.
Bistan denez, eskualdeko gertaera eta testigantzetan oinarritutako ikus-entzunezko lana da Aiaraldea Hedabideak sustatu duena.
Dokumentala azaroaren 24an estreinatuko da, 20:00etan, Aiaraldea.eus atarian. Hasiera batean aurkezpen publikoak aurreikusita bazeuden ere, bertan behera geratu dira herrietako emanaldiak, COVID-19 birusak eragindako pandemiaren ondorioz.