Epaileak arrazoia eman die Tubacex enpresako langileei, pandemiaren lehen egunetan -martxoaren 17 eta 18an- egin zituzten lanuzteen harira. Enpresako zuzendaritzak egun horietako ordainsariak kendu zizkien nominetatik, baina epaileak neurri hori indargabetu du eta egun horietako dirua beharginei ematea agindu dio multinazionalari. Hala ere, Tubacexeko buruek helegitea jartzeko aukera dute oraindik.
Langileek bi egunez egin zioten uko lan egiteari, COVID-19aren aurkako neurriak betetzen ari ez zirelako. Langile Batzordeak gogoratu du enpresak ez zituela birusaren aurkako protokoloak bete, eta langileeak derrigortu zituela segurtasun neurririk hartu gabe lan egitera: "Beste behin ere, agerian geratu da enpresak gure osasunarekiko duen interes eza", nabarmendu dute batzordeko kideek, eta eskerrak eman dizkiete beharginei, bi egun horietan burututako "gizartearekiko duintasun eta elkartasun ekintzagatik".