Galder Barbadok eta Aitor Zelaiak jasotako sententzia onartzen ez duela aldarrikatu du Ernaik

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko ots. 4a, 16:00

Laudion eta Amurrion elkarretaratzeak egin ditu Ernai gazte antolakundeak, Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteek jasotako sententzia salatzeko.

Ikastetxeetan paroak eta mobilizazioak burutu ditu Ernai gazte antolakundeak Laudion eta Amurrion. Dozenaka lagun elkartu dira elkarretaratzeetan Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteek jasotako 4 urteko espetxe zigorra salatzeko.

Asteartean egin zen publiko Auzitegi Nazionalaren epaia, eta gazte antolakundeko kideek nabarmendu dute ez dutela absoluzioa ez den beste sententziarik onartuko. "Ezer berririk ez borreroen partetik; asko izan baitira urte luzez pairatu ditugun atxiloketa, epaiketa, tortura eta espetxeratzeak. Ez dira inor gu epaitzeko eta ez dugu onartuko absoluzioa ez den beste epairik. Epaituko gaituzte baina ez gaituzte inoiz mendean hartuko. Guk ez dugu absoluzioa ez den beste epairik onartuko", adierazi dute elkarretaratzeetan irakurritako komunikatuetan.

Barbado eta Zelaiaren aurkako prozesuan EAJk eta Ertzaintzak betetako funtzioa ere salatu nahi izan dute gazteek gaurko mobilizazioetan. Ernairen iritziz, Ertzaintza "polizia-politiko" bezala aritu da "militantzia politikoaren kriminalizazioan oinarrituriko informeak aurkezterakoan edota epaiketa bera aurreko fase politiko batean kokatzeko egindako ahaleginetan".

Ernairen iritziz, Ertzaintza "polizia-politiko" bezala aritu da "militantzia politikoaren kriminalizazioan oinarrituriko informeak aurkezterakoan edota epaiketa bera aurreko fase politiko batean kokatzeko egindako ahaleginetan"

Mobilizazio gehiago

Datorren egun eta asteetan mobilizatzen jarraitzeko deia luzatu diete elkarretaratzeetan elkartutako dozenaka lagunei. Gauzak horrela, ANkerkeriari Stop herri plataformak datorren larunbaterako deitu dituen mobilizazioetan parte hartzeko gonbita zabaldu dute.

Plataformako kideek agerraldia eskainiko dute gaur arratsaldean Gasteizko Foru Enparantzan, sententziaren balorazio bat eskaini eta mobilizazioen xehetasun gehiago aurkezteko. Aurreratu dutenez, Amurrion eta Gasteizen burutuko dira manifestazioak larunbatean, 18:00etan. Beste herri batzuetan ere egingo dituzte deialdiak, Laudion, adibidez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide