Mobilizazio eta greba egunak deitu ditu Tubacexeko Langile Batzordeak, kaleratzeen aurka

Txabi Alvarado Bañares 2021ko ots. 5a, 16:09
Laudioko lantegiaren aurrean bilduko dira astelehenean. / Aiaraldea.eus

Astelehenean elkarretaratzea egingo dute 15:45etik aurrera Laudioko lantegiaren aurrean, bertan bilduko baitira sindikatuak zuzendaritzarekin. Hilaren 11 eta 12rako, aldiz, greba deitu dute. 

Mobilizazio egutegia prestatzen ari dira Tubacexeko Langile Batzordeko kideak zuzendaritzak ezarri nahi duen kaleratze kolektiboari aurre egiteko. Aurreratu dituzte dagoeneko lehen deialdiak: datorren astelehenean -otsailak 8- elkarretaratzea egingo dute 15:45tik aurrera Laudioko lantegiaren aurrean, 16:00etan bertan bilduko baitira zuzendaritzako kideak sindikatuekin. 

Horrez gain, hilaren 11 eta 12an -osteguna eta ostirala- greba egingo dute langileek. Komiteko kideek jakinarazi dute protestak ez direla hor amaituko. “Mobilizazio egutegi bat prestatzen ari gara, asanbladetan aurkeztuko dena”. Sindikatuek datorren astean egingo dituzte bilerak afiliatuekin, Enpresa Batzordearen asmoen berri emateko. 

Langileen ordezkariek argi utzi dute zein izango den mobilizazioen helburua: “Kaleratze bat bera ere ez egotea eta enpresak dituen arazoei neurri koiunturalekin aurre egitea”. Horretarako, langileen erantzuna “irmoa” izan behar dela defendatu dute. 

Komitearen aburuz, zuzendaritzak osasun krisia baliatu nahi du langile klasea geroz eta gehiago pobretzeko eta “klaseen arteko arrakala” are handiagoa egiteko. “Albiste honek argi uzten du enpresako buruek poltsikoak gure kontura betetzeko duten grina. Oraingo honetan ez dira gure lan baldintzetan murrizketak planteatzera mugatzen. Ez dira kikiltzen, eta langileak kaleratzea planteatzen dute, gure inguruko familiak egoera dramatiko batean jarriz”.

Batzordeko kideek argudiatu dutenez, multinazionala pairatzen ari den krisia “koiunturala da, pandemiak eragindakoa”. “Tubacexen etorkizunari buruzko mezu baikorrak, pandemiaren aurrekoak, nabarmenak dira eta artxiboetan daude. Produktuen trantsitzio eta dibertsifikazioa modu egokian egiten ari zen. Horregatik, ez dugu ulertzen orain esatea hau urrutitik datorrela”.  

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide