EAJ: "Elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu Tubacexeko langileei"

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko ots. 9a, 09:00

EAJko ordezkariak Tubacexen Laudioko lantegiaren aurrean. / EAJ

Aiarako EAJk oharra plazaratu du enpresako zuzendaritzak lan erregulazioko espediente bidez 150 langile kaleratu nahi dituelako.

Laudioko eta Amurrioko Tubacexeko behargin guztiei eragingo die enpresako berregituraketa planak. Atzo izan zen Enpresa Batzordearen eta zuzendaritzaren arteko bilera, eta bertan azaldu zituzten arduradunek Enplegua Erregulatzeko Espedientean 150 pertsona sartzeko asmoa.

"Egoera larria"

"Egoera larria" da EAJren iritziz: "alderdi jeltzaleak langileei eta haien familiei ahalik eta babes eta elkartasun handiena berretsi nahi die". Ildo beretik, ordezkari sindikalak elkarrizketa sozialetik lan egitera animatu dituzte, "egoera zail honen aurrean ahalik eta akordiorik onena lortzeko, enplegua galtzea ekarriko ez duten irtenbideak lehenetsiz".

EAJren hitzetan, kolpe latza da eskualde osoko industria ehunarentzat eta kalitatezko enpleguarentzat Tubacexeko zuzendaritzak hartutako erabakia. "EAJk, erakundeetan dituen ordezkari politikoen bidez, lanean jarraituko du bere esku dauden neurri guztiak martxan jartzeko; enpresaren erabakia leundu edo, gutxienez, inpaktu txikiagoa eragin ahal izateko".

Aurreratu dutenez, mozioak eta adierazpen instituzionalak proposatuko dituzte eskualdeko udaletan. "Era berean, eskualdeko herritar guztiak animatzen ditugu gure udalerrian enpleguaren defentsan egingo diren ekimenak eta mobilizazioak babestera. Bilera horietan, orain arte bezala, EAJko ordezkariak izango dira".

Valvospainen galera

Tubacexen aferaz gain, Amurrioko Valvospain Industrial enpresaren egoera ere izan dute hizpide oharrean jeltzaleek. Iragan astean iragarri zuten langile guztiak kaleratzeko erabakia, eta horrek 79 behargini eragingo die.

Fabrikako egoera aintzat hartuta, jeltzaleek "modu proaktiboan lan egiten" jarraituko dute, "sare ekonomikoan eta bereziki lurralderako proiektu estrategikoetan industria jarduera eta kalitatezko enplegua defendatu eta bermatzeko".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide